Ekonomia -

Goi-bilera

Europar Batasunak baimena eman die Espainiari eta Portugali neurri bereziak hartzeko, argindarra merkatzeko

Bi herrialdeek "tratu berezia" behar dutela aitortu dute Europar Batasuneko agintariek. Hilabeteetako lanaren ondotik, bi estatuentzako "lorpen handia" dela azpimarratu du Pedro Sanchezek.

Antonio Costa Portugaleko lehen ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. Argazkia: EFE
Antonio Costa Portugaleko lehen ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. Argazkia: EFE
Antonio Costa Portugaleko lehen ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Portugalek eta Espainiak argindarraren prezio garestiak kudeatzeko "tratu berezia" behar dutela onartu dute Europar Batasuneko buruzagiek goi-bileran.

"Iberiar penintsularentzako tratu berezi bat adostu dugu, euren egoera berezia kudeatu eta prezioak gobernatu ahal izateko", adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ia hamar orduko bileraren ostean.

Von der Leyenen hitzetan, Espainia eta Portugal egoera "oso berezian" daude, haien mix energetikoak energia berriztagarrien proportzio handia duelako, baina aldi berean Batasuneko gainerako estatuekin "interkonexio gutxi" dituzte.

Iberiar penintsularako irtenbide berezi bat posible dela defendatu du Espainiak Europako buruzagien aurrean; izan ere, "uharte energetikoa" izanik ez dio Europako merkatuaren funtzionamenduari eragingo, diplomaziako iturriek ziurtatu dutenez.

Areto barruan, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua gasaren salneurriari muga jartzearen alde agertu da, handizkako merkatuan argindarraren prezioei eusteko.

Gainera, maiatzean gas eta argindar merkatua banantzeko mekanismoak aurkeztuko ditu Europako Batzordeak, Von der Leyenek azaldu duenez. Gasaren prezio garestiek argindarraren handizkako merkatuari zuzenean eragitea saihestu nahi du proposamenak.

Sanchez EBk iberiar penintsularen "berezitasuna" kontuan izan behar duela defendatuz iritsi da goi-bilerara, Espainiak eta Portugalek berehala argindarraren prezioa mugatzeko neurriak hartu ahal izatea onartzea, alegia.

Haserre filtrazioengatik

Europako Kontseiluaren bileran atsedenaldi bat behartu du Sanchezek, goi-bileran negoziatzen ari ziren jarrerak filtratzen ari zirelako haserre.

Eztabaida "beroan" murgilduta, Espainiako iturrien arabera, Sanchezek France 24ko kazetari baten txioa irakurri du. Prezioak kontrolatzeko eskakizunari jaramonik egiten ez baldin bazioten, goi-bileraren ondorioei betoa jartzeko prest egotea leporatzen zion txioak Espainiako gobernuburuari.

Batzarra amaitu ondoren, Antonio Costa Portugaleko lehen ministroarekin batera agerraldia egin du Sanchezek. Hilabeteetako lanaren ondotik, bi estatuentzako "lorpen handia" dela esan du Espainiako agintariak.

"Gaurtik aurrera energiaren prezioak murrizteko salbuespeneko neurriak martxan jarri ahal izango ditugu denbora tarte mugatuetan", azpimarratu du Sanchezek. Hala ere, zehaztu duenez, bi gobernuek Europako Batzordeari proposamenak aurkeztu beharko dizkiote, haren oniritzia jasotzeko, baina "penintsularen baldintza bereziak" kontuan izango ditu.

Espainiako Gobernuko presidenteak nabarmendu duenez, "denboraldi baterako salbuespeneko neurri batek ez du gasa diruz laguntzea suposatzen, ez ditu berriztagarrien pizgarriak desitxuratzen, ezta herrialdeen arteko fluxu elektrikoak ere", eta, azken finean, ez du Europako "argindar merkatua aldatzen".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Portugal Elektrizitatea Gasaren krisia Europan