Ekonomia -

Garraiolarien greba

Espainiako Gobernuaren eta garraiolarien arteko akordioaren zazpi gako

Errepide garraioari laguntzeko akordioa ekainaren amaierara arte luzatuko da, eta guztira 1.135 milioi euro aurreikusten ditu.

Kamioiak Bilboko Portuan. Argazkia: EFE
Kamioiak Bilboko Portuan. Argazkia: EFE
Zuzeneko dirulaguntzak eta deskontuak izango dituzte garraiolariek

1:24

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak eta garraiolariek adostutako akordioak erregaiaren prezioa 20 zentimo merkatzen du litroko. Gainera, elikadura kateko legearen oinarriak sektoreari aplikatzea agindu du, garraiolariek kostuen azpitik lan egitea saihesteko.

Errepide garraioari laguntzeko akordioa ekainaren amaierara arte luzatuko da, eta guztira 1.135 milioi euro aurreikusten ditu, erregaien prezioaren igoera orekatzeko.

Hauek dira akordioaren nondik norakoak:

1.- 20 zentimoko gutxieneko hobaria erregai litroko edo kilogramoko (15 zentimo Estatuak jarriko ditu, eta petrolio-konpainiek gutxienez 5 zentimo). 665 milioi euro suposatzen ditu.

2.- Kamioi bakoitzeko 1.250 euroko diru-laguntzak, 950 autobuseko, 500 euro furgonetako eta 300 euro ibilgailu arineko (taxi, VTC eta anbulantziak); enpresa bakoitzeko 400.000 euroko mugarekin. Ibilgailu motaren arabera, 450 milioi izango dira merkantzia eta bidaiari garraio enpresentzako.

3.- ICOk bermatutako kredituen epemuga 8-10 urte luzatzea, baita kreditu horien gabealdia 6 hilabete ere. Gainera, ICOk bermatutako kreditu lerro berri bat sortu dute, 12 hilabeteko gabealdiarekin. Hala ere, zenbatekoa ez dute oraindik zehaztu, baina aurreko kredituak berriz finantzatzeko balio dezakete.

4.- Garraiolari ogibidea uzteko diru-laguntzen aurrekontua areagotzea: 10 milioitik 20 milioira pasako da 2022an. Diru-laguntzak batez beste 30.000 eurokoak dira pertsona bakoitzeko; fisikoki oso gogorra den lanbidean erretiroa aurreratzeko.

5.- Elikadura kateko legearen aplikazioa garraio sektorean, azpikontratazioaren bidezko erabilpena eta lanaren errentagarritasuna ziurtatzeko.

6.- Gasolio profesionala hilero itzultzea, orain arte hiruhileko bakoitzean bueltatu beharrean. Hilero itzuliko dute, gastuaren kalkulua eginda, baina urtero erregularizatuko da. Sektorearen eskakizun historiko bat zen. Garraiolariek gasolioaren prezioan 0,05 zentimoko hobaria dute, urtean 50.000 euroko mugarekin. Diru kopuru hori hilero itzuliko da orain.

7.- Osasun zentimoa deritzonaren itzulpena bizkortuko da (hidrokarburoen txikizkako salmenten gaineko zerga osasun gastua finantzatzeko).

Diru-laguntza guztiak gehituta, kamioi batek batez beste 3.560 euro aurreztuko ditu hiru hilabetetan. Furgoneta batek, aldiz, batez beste 830 euroko laguntza izango du hiru hilabetetan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak Merkataritza Lan gatazkak Dirulaguntzak Euskadin Erregaiak Gatazkak garraio sektorean