Ekonomia -
Garraiolarien greba
150-200 kamioilarik lanera itzultzea erabaki dute Bilboko Portuan
Kontainerrak eramaten dituzten kamioiek, 700 inguru, ordea, greban jarraitzen dute.
Agentziak | EiTB Media
Gutxienez 150 kamioilarik lanera itzultzea erabaki dute Bilboko Portuan, Espainiako Gobernuak eta garraiolarien gehiengoak lortutako akordioaren ostean.
Horrenbestez, grebaren eraginez hamar bat egunez Bilboko Portuan geldirik egon diren produktu siderurgikoak astelehenean hasiko dira kamioietan ateratzen.
Transport Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkarteko bozeramaile batek zehaztu duenez, kontainerrak eramaten dituzten kamioiek, 700 inguru, ordea, greban jarraitzen dute.
Orokorrean merkantzia garraioan, batez ere produktu siderurgikoak (bobinak, txapa etab), aritzen diren autonomoak lanera itzuli dira, eta greba mugagabean zehar portuko instalazioetan pilatu diren produktuak ateratzen hasi dira dagoeneko.
"Enpresekin aurreakordio batera iritsi dira, garraio bakoitzeko prezioak eguneratzea onartu dietelako", azaldu du Transporteko bozeramaileak.
Horrela, 150 edo 200 bat kamioi lanera itzuli dira arratsaldean Portuko instalazioetan, erantsi duenez.