Ekonomia -

enpresak

Garraiolarien greba lan erregulazioa eskatzeko arrazoitzat jo daiteke, Eusko Jaurlaritzaren arabera

Lan eta Enplegu Sailak argitu duenez, hala egin ahal izango dute enpresek, betiere frogatuz gero hori dela euren jardueraren etetearen kausa zuzena, edo horri aurre egiteko ezin izan dutela beste biderik aurkitu.

Garraiolarien greba. Argazkia: EITB Media
Garraiolarien greba. Argazkia: EITB Media
Garraiolarien greba. Argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren arabera, garraiolarien greba aldi baterako lan erregulazio kolektiboak abiatzeko arrazoi izan daiteke, EEEen bitartez.

Idoia Mendia bigarren lehendakariordea buru duen sailak azaldu duenez, hala egin ahal izango dute enpresek, betiere frogatuz gero hori dela euren jardueraren etetearen kausa zuzena, edo horri aurre egiteko ezin izan dutela beste biderik aurkitu.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak argitu nahi izan ditu EEE eskaera aurkeztea ahalbidetzen duten baldintzak. Izan ere, azken egunotako egoera dela eta, zenbait zalantza mahaigaineratu dituzte enpresek eta enpresa erakundeek.

Aplikatuko den irizpidearen arabera, enpresek lan erregulaziorako espedienteak aurkeztu ahal izango dituzte ezinbesteko egoeretan, garraiolariek abiatutako lanuzteak arrazoi hartuta, Langileen Estatutuko 47.5 artikuluari jarraiki.

Gisa horretako EEE bat aurkeztuko duten enpresek frogatu beharko dute greba hori dela euren jardunaren etetearen arrazoia, baita hornikuntza arazoak eta produktuak merkaturatzeko zailtasunak ere.

Memoria horretan, frogatu beharko dute ezin izan dutela bestelako biderik erabili; besteak beste, hornitzailea aldatzea edo biltegiratze neurri berriak.

EEEaren eraginak enpresak hornikuntza arazoa izatearen unetik aurrera aplikatuko lirateke, eta ez grebaren hasiera unetik aurrera. Era berean, Lan Agintaritzaren ebazpenak 10 eguneko epemuga hartuko du barne, eta indarrik gabe geldituko litzateke lanuztea lehenago amaitzekotan.

Greba luzatzekotan, epe hori igarota enpresak txosten berri bat eskatu beharko luke, aurrekoaren baldintza berdinekin, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Zentzu horretan, lehendakariordeak nabarmendu du unera arte ez dutela arrazoi horregatik EEErik jaso, baina jakin badakitela "greba nola eragiten ari zaien hornikuntzari eta lehengaien kostuari".

Hori dela eta, azpimarratu du bere saila, "dituen eskumenekin, enpresen bideragarritasuna eta langileen enplegua bermatzeaz" arduratuko dela, "unean ditugun tresnekin nola jardun daitekeen jakinda".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Grebak albisteak Lana berriak Idoia Mendia Ekonomia Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Gatazkak garraio sektorean