Ekonomia -
Argindarra
Aldi baterako bost aukera proposatu ditu Europako Batzordeak argindarraren prezioa merkatzeko
Halaber, lege proposamen bat aurkeztu du, zeinaren bidez kide diren Estatuek beren biltegietan % 80ko gas erreserbak izan beharko dituzten, datorren negura begira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako Batzordeak bost aukera aurkeztu ditu asteazken honetan, epe laburrean eta aldi baterako, Europar Batasunean energiaren prezioak merka daitezen. Bien bitartean, merkatu elektrikoa epe luzera aztertzen ari da, eta, aurreikusitakoaren arabera, apirilerako izango ditu emaitzak.
Hartara, hauek dira proposamenak: handizkako merkatuan gasari gehienezko prezioa ezartzea, erregai fosilekin energia sortzen duten enpresen ekoizpen gastuak konpentsatzea, kontsumitzaileei "zerutik eroritako etekinak" birbideratzea, bitarteko gutxi dituzten kontsumitzaileei prezio merkeagoa bermatzea eta handizkako merkatuan diharduten enpresentzat gehienezko prezio bat ezartzea.
Halaber, lege proposamen bat aurkeztu du, estatu kideek beren biltegietan % 80ko gas erreserbak izatea behartzeko, datorren negura begira, eta hornigaien segurtasuna arriskuan jartzen duten jokabideak atzemanez gero, kanpoko herrialdeetako konpainiei biltegiak kontrolatzeko ahalmena kentzea proposatu du lege horren bidez.