Ekonomia -
Arrantza
EAEko baxurako ontziek gutxienez astelehenera arte jarraituko dute itsasoratu barik
Hala erabaki dute gaur bilera telematiko batean Kantauri itsasoko kofradiek. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek astebete daramate portuan.
Agentziak | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) baxurako ontziek datorren astelehenera arte jarraituko dute itsasoratu gabe. Astebete daramate portuan, garraiolarien grebaren ondorioz ezin dutelako arrantzatutakoa banatu.
Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradien Federazioko idazkariak jakinarazi duenez, bilera telematikoa egin dute goizean Kantauri itsasoko arrantzaleek (Galizia, Asturias eta EAEkoak), eta astelehenera arte behintzat itsasoratu gabe jarraitzea ebatzi dute.
Baxurako ontziak antxoaren eta berdelaren kostera betean daude, baina joan den astetik, garraiolarien greba tarteko, ezin izan dira arrantzatzera atera. Asteon egunero bildu dira, eta egunez egun aztertu dute egoera.
Horrenbestez, martxoaren 28an, astelehenean, berriro bilduko dira kofradietako arduradunak. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek joan den asteartean erabaki zuten Kantauriko gainerako lankideekin bat egin eta portuan geratzea.