Ekonomia -
Garraiolarien greba
Garraioaren sektorea hobetzeko neurriak negoziatuko ditu Hiruk Eusko Jaurlaritzarekin eta foru aldundiekin
Gasolioaren prezioaren gorakada gelditzea Espainiako Gobernuaren esku badago ere, Hiru sindikatuak azpimarratu du euskal erakundeek beste hainbat neurri har ditzaketela kamioilarien lan-baldintzak duinagoak izan daitezen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraiolari autonomoek negoziazio bat abiatuko dute Eusko Jaurlaritzarekin eta foru aldundiekin, garraio-sektorea hobetzeko neurriak adosteko asmoz. Edonola ere, Hiru sindikatuak zehaztu du greban segituko dutela.
Lanuzte mugagabea hasi zenetik hamargarren egunean, Hiruk mobilizazioa egin du gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Gasteizen. Sindikatuko ordezkariek Pedro Marco Garraio sailburuordearekin biltzeko aukera izan dute.
Aurreikusita ez zegoen batzarra amaitu ostean, Alberto Nuñez Hiruko ordezkariak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu duela garraiolariekin elkarrizketak abiatzeko eta negoziazio-mahai horretan foru aldundiek ere parte hartuko dutela erantsi du.
Gasolioaren prezioaren gorakada gelditzea Espainiako Gobernuaren esku badago ere, Nuñezek azpimarratu du euskal erakundeek beste hainbat neurri har ditzaketela kamioilarien lan-baldintzak hobetzeko.
Erregaien prezioaren etengabeko garestitzea "urak gainezka egiteko falta zen azken tanta" izan dela adierazi du. "Baina greba hau ez da gasolioaren preziogatik, 20 urte abandonatuta daramatzagula salatzen ari gara", azaldu du.
Hala ere, eta biharko bileran Espainiako Garraio Ministerioa eta garraiolarien ordezkariak gasolioaren prezioaren gorakada eteteko akordio bat egin arren, Hiruk grebari eutsiko dio, beste hainbat gai eztabaidatu behar dituztelako eta lanuztea bertan behera uzteko erabakia greba deitu zuen Estatuko Garraio Sektorearen Aldeko Plataformari dagokiolako.
Ildo horretan, Nuñezek gogora ekarri ditu zeintzuk diren garraiolarien aldarrikapen nagusiak, gasolioaren prezioa mugatzeaz gain: bidesariak kentzea edo murriztea, 60 urterekin erretiroa hartzeko diru-laguntzak, berankortasuna eta ez ordaintzea saihesteko neurriak eta langileen trebakuntza arautzea.
"Jaurlaritzak baditu dagoeneko mahai gainean gure aldarrikapenak. Ez diogu aparteko ezer eskatuko, euskal erakundeen arteko koordinazioa eta lan egitea ahalbidetuko digun plan bat besterik ez dugu nahi", berretsi du.