Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Azpiazuk adierazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dagoela krisi-ekonomiko arriskurik
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Pedro Azpiazu sailburuak aitortu du egoera larria dela Ukrainako gerraren eta erregaien eta gasaren prezioa garestitzearen ondorioz, baina alarmarik ez sortzeko deia egin du.
GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomiaren hazkundea % 4,5ekoa izango da aurten, Eusko Jaurlaritzak aurreikusitakoa baino 2,2 puntu txikiagoa, hain justu ere.
Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketa batean Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak esan duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago krisi ekonomikoa izateko arriskurik, eta azpimarratu du % 4,5eko hazkundea "positiboa" dela.
"Ukrainako gerrak aurreikuspen guztiak aldarazi ditu munduan, eta egoera larria da ikuspuntu humanitariotik", adierazi du. Hala ere, alarmarik ez sortzeko deia egin du, eta berretsi egin du "% 4ko igoera positiboa" dela.
"Erakunde guztiek, Euskadin eta Europan, neurriak modu koordinatuan hartu behar ditugu egoera honi buelta emateko", iritzi dio. Edonola ere, Azpiazuk onartu du susperraldi ekonomikoa Errusia eta Ukrainaren arteko gerraren iraupenari lotuta dagoela. "Ukrainako gerra amaitzea ezinbestekoa da", gaineratu du.
Horrez gain, Europako Banku Zentralak inflazioa kontrolatu behar duela esan du, baina zehaztu du "kontu handiz" egin behar duela. Ildo berean, nahitaezkotzat jo du erregaien eta gasaren prezioen etengabeko igoera gelditzeko neurriak hartzea.
"Denok egin behar ditugu gauzak, bakoitzak bere esparruan, hazkunde-tasak berreskuratzeko, eta premiazko neurriak hartzea beharrezkoa da, baina sakoneko neurriak ere hartu behar dira, eta horiek ezin dira egun batetik bestera hartu", azaldu du.
Bestalde, Azpiazuren arabera, egungo egoera ekonomikoak ez du eraginik izango Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuan.
"Uste dut ez dugula arazorik izango 2022ko Aurrekontuan aurreikusi ditugun inbertsioak gauzatzeko", esan du.
"Inbertsioak egiteko eta herritarren beharrizanei erantzuteko unea da", gaineratu du.