Ekonomia -
ARRANTZA
EAEko baxurako ontziek portuan jarraituko dute beste egun batez
Bizkaiko eta Gipuzkoako flotak asteazken honetan berriro bilduko dira arrantzan hasi ala ez erabakitzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Baxurako euskal ontziek portuan jarraituko dute garraio grebaren ondorioz, bihar asteazkenera arte gutxienez, orduan bilduko baitira berriro arrantzan hasi ala ez erabakitzeko.
Hala adierazi dio Eusebio Arantzamendi Bizkaiko Arrantzaleen Kofradien Federazioko presidenteak Efe albiste-agentziari. Astearte honetan bilera telematikoa egin dute EAEko flotaren patroiek, eta momentuz geldirik jarraitzea eta bihar egoera berriro aztertzea erabaki dute.
Bizkaiko eta Gipuzkoako flotak lehorrean daude joan den astetik. Garraioaren grebak aurrera egiten duenez, flota ez da arrantzan hasi, ezin dituztelako harrapaketak banatu.
Miren Garmendia Donostiako Itsas Etxea kofradiako idazkari nagusiak adierazi duenez, garraioaren grebaren egoera ez da aldatu, eta, beraz, arrantzaleek ez dute bermatuta beren produktuaren banaketa.
"Ezin dugu gure jarduera modu normalizatuan garatu", azaldu du Garmendiak, eta bihar egoera berriro aztertu eta erabaki bat hartuko dutela aurreratu du.