Ekonomia -
LAN ISTRIPUA
Langile bat hil da lan-istripuz, Zegamako Goilaser enpresan
57 urteko gizonezkoa da hildakoa. Ertzaintzak ikerketa ireki du. Bestalde, gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du atzo langile bat hil zen Lakuntzako enpresaren aurrean, 2015etik lau langile hil direla bertan salatzeko.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Langile bat hil da gaur goizean Zegaman, Intxausti poligonoko Goilaser enpresan izan den lan istripuan. Hildakoa 57 urteko gizonezkoa da.
Goizeko 07:00ak aldera jaso dute Larrialdi Zerbitzuek abisua, baina bertaratu diren osasun langileek ezin izan dute ezer egin langilearen bizitza salbatzeko.
Ertzaintzak ikerketa ireki du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez.
LABek salatu duenez, "Administrazioaren utzikeria honek, patronalari eskuak aske uzten dizkio lan osasun araudia ez betetzeko, honek dakarren emaitza beldurgarriarekin" eta ildo horretan, "prekarietatean oinarrituriko lan harremanak" ezin direla onartu ohartarazi du sindikatuak.
13 hildako lan istripuetan, 2022an
13 langile hil dira urtea hasi zenetik Euskal Herrian, lanean ari zirela. Gaurko ezbeharrarekin, jada bi dira 48 orduan hil diren langileak Euskal Herrian.
Atzo arratsaldean, 39 urteko gizonezko bat hil zen Lakuntzako Sakana Kooperatiba Elkartean, lan istripuan. LAB eta ELA sindikatuek salatu dutenez, 2015etik laugarren langilea da enpresa horretan lan istripuz hiltzen dena.
Segurtasun neurriak ez betetzea leporatu diote bi sindikatuek enpresari eta beste alde batera begiratzea, berriz, Nafarroako Gobernuari.
ELA sindikatuak "lan-ezbeharrei aurre egiteko premiazko neurriak hartzeko" eskatu die Nafarroako Gobernuari eta patronalari.
Sindikatu abertzaleak ikerketa eskatu du istripuaren arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko eta Nafarroako Gobernuak lan-baldintzak kontrolatzeko bitartekoak handitu behar lituzkeela esan du, baita enpresariek "plantillen segurtasuna lehenetsi" beharko luketela ere, "onura ekonomikoaren aurretik". Izan ere, "laneko heriotzen % 40 enpresek segurtasun-neurriak betetzen ez dituztelako" gertatzen direla salatu du.
Ildo berean, LAB sindikatuak salatu du "azken urteetan enpresa honetan istripu hilgarri kopurua izugarria" izan dela. Gogor salatu du enpresak lan-osasunari dagokionez erakutsi duen "utzikeria", baita Administrazioaren kontrol falta ere: "Nabarmena da enpresa honek urteetan utzikeria azaldu duela bere langileen osasunarekiko eta neurriak hartu behar dituela behingoz. Hein honetan salatu nahi dugu, lan osasun neurrien kontrola eraman behar duen administrazioaren ageriko utzikeria. Ez Nafarroako Laneko Osasunerako Institutuak ez lan ikuskaritzak, ez dituzte beharrezko neurriak hartu ageriko arazoak dituen enpresa honen inguruan. Honela, azken urteetako lan istripuaren eta hildako kasuen jarraipena eta prebentzio neurrien integrazioa kontrolatu behar luketenak ez dute euren lana egin".
Mobilizazioak asteartean Lakuntzan eta Leitzan
Nafarroako azken heriotza hau dela eta, mobilizazioak deitu ditu gehiengo sindikalak martxoaren 22rako. 11:00etan elkarretaratzea egingo dute Sakana kooperatibaren aurrean Lakuntzan, eta 19:00etan, Leitzan, hildako langilearen jaioterrian.