Ekonomia -
UKRAINAKO GERRA
Tapia: "Euskal enpresa ehuna gerraren ondorioei aurre egiteko prest dago"
Lehendakariak esan du egoeraren larritasunaren jakitun direla eta gerrako hiru aste hauetan ez dutela "segundo bat ere galdu". Bestalde, Azpiazu sailburuak euskal ekonomia motelduko dela iragarri du, baina oraingoz krisi ekonomikoa baztertu du.
EITB Media
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritza aztertzen ari dela Ukrainako gerraren kaltea jasaten ari diren enpresei laguntzeko neurriak hartzea, eta euskal enpresa ehuna gerraren ondorioei aurre egiteko "prest" dagoela esan du.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Mikel Arruabarrena EAJko legebiltzarkideak Errusiaren inbasioak euskal enpresetan dituen ondorioei buruz galdetu dio sailburuari.
Tapiak nabarmendu du euskal gizartean, ekonomia orokorrean eta industria ehunean Ukrainaren inbasioak eragindako lehen sentsazioa "tristura, amorrua eta kezka" izan zela, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzak "hasiera-hasieratik" lan egin duela klusterrekin eta sektoreko eragileekin.
Arantxa Tapiak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritza neurriak hartzea aztertzen ari da, baina Estatuan eta Europan ere hartu behar direla adierazi du. Hala ere, euskal enpresa ehuna "prest" dagoela esan du. "Gaitasuna dago, teknologia dago eta honetatik ere aterako gara", azpimarratu du.
Sailburuaren ustez, enpresek "lortuko dute, neurri eta laguntza desberdinekin, egoera horri aurre egitea eta lehengo egoerara itzultzea".
Lehengai jakin batzuen eskasia, prezioen igoera eta inflazioa, erregaien elektrizitatearen kontrolik gabeko prezioa, hornidura-kateen haustura eta, oro har, finantza-egoera aipatu ondoren, ohartarazi du "horrek guztiak aldi baterako geldialdiak eragiten dizkiela euskal enpresa batzuei".
Iñigo Urkullu lehendakariak, bere aldetik, EH Bilduk egindako galdera bati eta interpelazio bati erantzun die ostiral honetan, kontrolerako osoko bilkuran, gerra euskal ekonomian eragiten ari den eraginari buruz, erregaien prezioaren igoeraren aurrean, besteak beste.
Lehendakariak adierazi du badakitela "egoera larria" dela ikuspuntu humanitario eta ekonomikotik, eta, horregatik, esan du "aldez aurretik eta gertaeren bilakaerari jarraituz" jokatu dutela, "kaltetutako pertsonekin, elkarteekin, sektoreekin eta enpresekin harreman estuan".
"Hiru aste hauetan ez dugu segundo bat galdu", azpimarratu du. Hala, azaldu du pertsonen babesa izan dela lehentasuna, eta, horrekin batera, erantzun sozioekonomikoa bideratu dela jarduerari eta enpleguari eusteko eta sektorerik ahulenak babesteko.
"Ukrainako egoera, krisi humanitario handi bat izateaz gain, erronka bat da gure ekonomiarentzat, baita munduko ekonomiarentzat ere. Egoera horrek hazkundeari eragiten dio eta inflazioaren gaineko presioa eragiten du", gaineratu du.
Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, "Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak hartu behar dituzten premiazko erabakien osagarri izan behar duten" neurriak martxan jartzeko lanean ari dira, "ez gaudelako tokiko arazo baten aurrean, globala baizik".
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak ere hitz egin du osoko bilkuran, David Sotok (Elkarrekin Podemos-IU) eskatuta. Hari erantzunez esan duenez, oraingoz ezin da krisi ekonomikoaz hitz egin, baina, aurerratu duenez, euskal ekonomia ez da euskal erakundeek nahi bezain ondo joango.