Ekonomia -
garraiolarien greba
Hego Euskal Herriko esnekien sektorea lanean ari da produktuak merkaturatzeko, eta lasaitasun mezua bidali du
Esne Industriaren Federazio Nazionalak ohartarazi du esnea biltegietan pilatzen ari dela, produkzio-kostuen garestitzea eta garraiolarien greba bitarteko. Euskal esneki enpresa nagusiek, berriz, ohi bezala dihardute lanean.
i. l. k. | eitb media
Estatu mailan esnekien sektoreak ohartarazi duenez, egunotan produktuak falta litezke saltokietan. Izan ere, Esne Industriaren Federazio Nazionalaren (FENIL) arabera, esnea biltegietan pilatzen ari da, produkzio-kostuen garestitzea eta garraiolarien greba bitarteko. Hego Euskal Herriko esne ekoizle nagusiek, ordea, ohi bezala dihardute lanean eta ez dute arazorik izan produktuak banatzeko, EITB Mediari jakinarazi diotenez.
Euskal esneki enpresa nagusiak lanean ari dira produktua saltokietara irits dadin, eta ez dute aparteko arazorik espero esnekiak merkaturatzeko.
Kaiku enpresan, esate baterako, "arazorik gabe" igaro dute osteguna. Arantxa Errazkin langileak ETBri egindako adierazpenetan ziurtatu duenez, bai EAEn bai Nafarroan, jarduera "normaltasunez" egiten jarraituko dute.
Lacturalen ere egunero bezala heldu da esnea Karrantzako ontziratze-enpresara, pikete batzuk aurkitu arren: "Gure esnea arazorik gabe eraman dugu ontziratzera, eta hortik dendetara aterako da".
Momentuz, esneki enpresek espero dute euren produktuak saltokietara iritsiko direla, baina, Lacturaletik adierazi dutenez, "zaila da bermatzea". Errazkinek azpimarratu du Kaiku ari dela "ahal dituen neurri guztiak hartzen, merkatura ondo heltzeko".
Edonola ere, estatu mailan, esnearen sektoreak arriskuan ikusi du biziraupena, produkzio-kostuen garestitzeari eta hornidura-faltari garraiolarien greba batu ostean.
Esne Industriaren Federazio Nazionalak ohartarazi du esnea biltegietan pilatzen ari dela, eta zenbait lekutan ez zaiela ontziratzeko lehengairik iritsi, eta, ondorioz, ezin dutela banaketa ziurtatu. FENIL federazioko zuzendari Luis Calabozoren hitzetan, gauzak konpondu ezean, "drama" bihur daiteke pilaketa hori.