Ekonomia -
OSAGAI FALTA
Mercedesek Gasteizen eta Volkswagenek Iruñean dituzten lantegiak geldirik egongo dira gaur
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bi fabrika handienetan ez dute lanik egingo, pieza faltagatik.
EITB MEDIA
Mercedes-Benzek Gasteizen duen lantokian ekoizpena eten egingo dute gaur, autoak egiteko osagai faltagatik. Aurreko bi asteetan, astero bi egun gelditu dute lantokia, eta hurrengoan egun bat geldituko dute.
Multinazionalaren zuzendaritzak ostegunean langileen ordezkariei jakinarazi zien lau egunetan hiru txandetan lan egiteko piezak baino ez zeudela. Aurreko larunbatean bezala, martxoaren 26an ere ez da lanik egingo, nahiz eta hilaren hasieran zuzendaritzak martxoaren 12, 19 eta 26an lan egitea aurreikusi zuen, galdutako jarduera berreskuratzeko asmoz. Hala ere, hornidura-egoerak ez du aukera hori ahalbidetu.
Erdieroaleen hornidurarik ezak ekoizpenean hainbat geldialdi eragin zizkion iaz Euskadiko enpresa handienari. Geldialdi handiena urte amaieran egin zuten, abenduaren 17tik urtarrilaren 3ra.
Nafarroako Volkswagenek ekoizpen-katea gelditu du, garraiolarien grebagatik
Iruñeko Landaben industrialdean dagoen Volkswagen multinazionalaren lantegian ekoizpen-katea gelditu dute gaur, garraiolarien grebaren ondorioz autoak egiteko piezak falta direlako.
Hala ere, enpresak ez du zehaztu gaurko lanaldia aldi baterako lan-erregulazioko espedientetzat edo lanaldi industrialeko eguntzat hartuko den. Aste honetan zehar erabakiko omen du zuzendaritzak.
Errenteriako Papresak ekoizpena gelditu du
Papresa Errenteriako paper-fabrikak bere jarduera eten zuen aurreko astean, garraiolarien grebak eragindako lehengai faltaren ondorioz.
Enpresak ez du zehaztu geldialdiak zenbat denbora iraungo duen, eta neurriak eskatu ditu ekoizpena lehenbailehen lehengoratzeko.