Ekonomia -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Gizarte Segurantza "hemendik" kudeatzeko bidean gutxieneko diru-sarrera aurrerapausoa dela dio Garamendik
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuaren esanetan, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzea mugarri bat izan da, aurrerapauso handi bat, autogobernuari dagokionez.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuaren iritziz, Gizarte Segurantza "hemendik" kudeatzeko tresnak egon badaude, eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) eskualdatzea bide horretan "aurrerapauso" bat da. "Erakutsi diogu Madrili Gizarte Segurantza hemendik kudea litekeela, elkartasuna hautsi gabe'', adierazi du Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan.
Atzo Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ofizial egin zuten bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskualdatzea. Hasiera batean adostutakoa baino 16 hilabete geroago, baina Eusko Jaurlaritzak prestazio horren transferentzia osoa eta epe mugarik gabe jasoko du. Garamendik onartu du kostatu egin dela, eta gogo onez edo txarrez, baina transferentzia egin behar zen moduan egin dela. Izan ere, epe mugatu baterako edo baldintza batzuekin eskualdatzea ezin zela egin zehaztu du.
Etorkizunean Espainiako Gobernuak prestazioan aldaketaren bat egiten badu, baldintzetan edo ordaintzen den kopuruan esaterako, Eusko Jaurlaritzak ere moldaketak egingo ditu eta horrek Kupoan isla izango duela azaldu du Garamendik.
Gizarte Segurantzaren eskumenari dagokionez, orain ikerketa eta estudio fasean dagoela onartu du.
Garamendi sailburuaren esanetan, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzea mugarri bat izan da, aurrerapauso handi bat, autogobernuari dagokionez. Ildo horretan, agendan dauden beste eskumenak desblokeatzeko inflexio-puntua izango dela espero du.
Egutegian ageri diren eta oraindik eskualdatzeko dauden transferentzien inguruan galdetuta eta Espainiako Gobernuaren legegintzaldia amaitzeko urte eta erdi gelditzen dela kontuan hartuta, Olatz Garamendik erantzun du borondatea eta gogoa izanez gero, badagoela denbora nahikoa falta direnak "etxera ekartzeko". Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin amaituta, itsasertzaren kudeaketaren edota aireportuen eta aldiriko tren zerbitzuen kudeaketaren inguruko negoziazioak beste erritmo batean egiteko gogoa agertu du.
Lan Eskaintza Publikoak
Bestalde, lan eskaintza publikoen inguruan hitz eginez, aurreratu du 3.000 plaza baino gehiago aterako dituztela urtea amaitu aurretik: lehen deialdia, 1.400 lanpostukoa, hemendik gutxira, eta 1.700 lanpostuko bat, urte amaieran.
Deialdi bakoitzaren baitan bi prozedura zabalduko omen dira: batetik, meritu lehiaketa; bestetik, oposizio lehiaketa.
Meritu lehiaketan, ez da azterketarik egingo. Garamendiren arabera, antzinatasuna baloratuko da gehien meritu gisa, baina baita beste batzuk ere, formakuntza akademikoa, kasu.
Oposizio lehiaketara eta meritu lehiaketara edozein aurkeztu ahalko da eta posible izango da prozedura bietara aurkeztea ere.