Ekonomia -
Greba garraio sektorean
Garraiolarien grebak "oinarrizko zerbitzuen hornidura arriskuan" jarri duela adierazi dute enpresa kimikoek
EAEko enpresa kimikoen elkartearen arabera, garraiolarien grebak arriskuan jarriko ditu, besteak beste, etxeetan ur edangarria izatea edo ospitaleetan gas hornidura bermatzea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa kimikoen elkarteak (AVEQ-KIMIKA) ohartarazi du erregaiaren prezioaren etengabeko garestitzeagatik garraiolariek abiatu duten greba mugagabeak "herritarrentzako oinarrizko zerbitzuak arriskuan" jarriko dituela.
Ohar batean, elkarte horretako idazkari nagusi Luis Blanco Urgoitik adierazi du grebak "muturreko egoeran" jarri dituela oinarrizkoak diren hainbat jarduera eta horrek "konpondu ezineko kalteak" eragingo dizkiola euskal gizarteari.
Adibide gisa aipatu du kimika enpresek, besteak beste, ur partzuergoak eta udalak hornitzen dituztela, uraren prozesu araztaileak egin ahal izateko eta, beraz, etxeetan ur edangarria bermatzeko.
"Instalazio horiek ezin dira gelditu, osasun eta ingurumen arazo larriak sortzea eragin dezakeelako", azpimarratu du.
Ildo horretan, enpresa kimikoek eskaintzen dituzten eta arriskuan egon daitezkeen zerbitzuak ekarri ditu gogora: ospitaleetara gas sendagarria eramatea, etxeak edo lantegiak gas naturalaz hornitzea, osasun zentroei garbiketarako produktu kimikoak helaraztea…
Zerbitzu horiek guztiak bermatu gabe geratuko direla ohartarazi du. "Eta horren ondorioak askoz larriagoak izango dira, eta edozein aldarrikapen ekonomikoren gainetik egon beharko luke, justifikatutako aldarrikapena izan arren", erantsi du Blancok.
Industriaren jarduera enpresa kimikoen hornidurari lotuta dagoela, eta ekoizpena gelditu behar izanez gero, "galerak handiak" izango direla adierazi du.
Galera horiek eta energiaren prezioaren gorakadak "konpainia asko" eta, ondorioz, "milaka langileren lanpostuak arriskuan" jarriko dituztela nabarmendu du.