Ekonomia -
Lehiaren erakundearen isuna
Lehiaren erakundeak 24 milioiko isuna jarri die ArcelorMittal, Sidenor eta Balboari datuak partekatzeagatik
Espainiako lehia erakundeak egiaztatu du hirurek trukatu zituztela txatarra ferrikoaren hornitzaileei eskaini nahi zizkieten etorkizuneko erosketa-prezioei buruzko datuak, baita altzairutegien geldialdi teknikoei buruzkoak ere.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, Espainiako lehia zaintzen duen erakundeak, 24 milioi euroko isuna jarri die Balboa, Sidenor eta Arcelormittal siderurgiei, txatarra ferrikoa erosteko merkatuan lehiaren portaera egokiari eragin zion informazioa trukatzeagatik.
Lehiaren erakundeak astelehen honetan jakinarazi duenez, konpainia horiek txatarra ferrikoaren hornitzaileei eskainiko zizkieten prezioei buruzko informazioa trukatu zuten.
Gainera, instalazioen geldialdi teknikoei buruzko datuak partekatu zituzten, etorkizuneko txatar-eskaria aurreratzeko, eta hornitzaileengandik lortutako hirugarren lehiakideen prezioei buruzko informazioa trukatu zuten, oraindik ez baitzen publikoa merkaturako.
Horrekin, erakundeak azaldu duenez, gai izan ziren txatar-eskariaren maila murrizteko eta lehia are gehiago murrizteko.
Datu trukaketa horiek, alde batetik, Siderurgica Balboaren eta Sidenor Aceros Berezien artean gertatu ziren, eta, bestetik, Sidenor eta Arcelormittal Aceralia Basque Holdingen (Arcelormittal) artean. Lehiaren erakundeak gaineratu duenez, informazio hori Europako Batzordean aurkeztutako jakinarazpen anonimo baten bidez eskuratu ahal izan zuen.
Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearen erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko dute Arcelor Mittalek eta Sidenorrek
Erabakia errespetatu bai, baina ez duela Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearekin bat egiten azpimarratu du ArcelorMittalek eta, hori dela eta, helegitea aurkeztuko du Auzitegi Nazionalean.
Arcelor Mittalek Europa Press albiste agentziari adierazi dionez, bi hilabeteko epea dute orain Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean errekurtsoa jartzeko.
Sidenorrek ere erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko du, ebazpena zuzenbidearekin bat ez datorrela iritzita. Halaber, uneoro "legea zorrotz errespetatuz" jokatu duela nabarmendu du.
Errekurtsoaren inguruko erabakia hartu bitartean, kautelaz bertan behera gelditzea eskatu du.