Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Greba deitu duten garraiolarien sindikatuak: "Errentagarriagoa da geldirik egotea kamioia arrankatzea baino"
Hiru eta Tradisna sindikatuetako ordezkariek aurreikusi dute lanuzteak luze joko duela, eskakizunen zerrenda luzea delako. "Abenduan neurri batzuk adostu zituzten Espainiako Gobernuarekin, baina horiek bete egin behar dira", salatu dute.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Erregaiaren garestitzea tarteko, Hiru eta Nafarroako Garraiolarien Elkartea (Tradisna) sindikatuen baitan bildutako kamioilari autonomoen gehiengoa greban dago gaurtik hasita. Jon Altuna Hiruko komunikazio arduraduna eta Iñaki Goñi Tradisnako zuzendaritzako kidea elkarrizketatu dituzte Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, eta salatu dutenez, egoera honetan, "errentagarriagoa da geldirik egotea kamioia arrankatzea baino".
Goñik (Tradisna) aurreikusi du grebak luze jo dezakeela, mobilizazioa deitu duen Espainiako Garraioaren Defentsarako Plataformak egindako "eskaeren zerrenda luzea" delako. Nabarmendu duenez plataformari babesa emateko bat egin dute grebarekin.
Altunaren (Hiru) hitzetan, garraiolarien egoera "oso larria da" eta plataformaren aldarrikapenak eta Hiru sindikatuaren "oso antzekoak" izanik, bat egitea erabaki dute. Esan du abenduko grebaren aurretik Espainiako Gobernuarekin hainbat neurri adostu zituzten enpresek, baina "gerora neurri horiek bete egin behar dira", ohartarazi du.
Azaldu duenez, larunbatean asanbladan bildu ziren sindikatuko kideak eta gehienak grebaren alde azaldu: "Argi geratu zen tarifak berrikusi behar direla, hilero edo astero, ezin delako jakin zenbat garestituko den gasolioa, eta baldintza horietan ezin dugu lan egin".
Aitortu du, dena den, kamioilari batzuek enpresarekin tarifa igoera adostu dutela, eta horiek lanean egongo direla. "Enpresari batzuk ondo portatu dira, eta ordaindu beharrekoa ordaintzeko prest agertu dira".