Ekonomia -
Garraiolarien greba
Hego Euskal Herriko garraiolariek greba mugagabeari ekin diote, erregaiaren prezioagatik
Hiru sindikatuan eta Nafarroako Garraiolarien Elkartean (TRADISNA) bildutako garraiolari autonomoek bat egin dute Espainiako Garraioaren Defentsarako Plataformak deitutako lanuzte mugagabearekin.
EITB MEDIA
Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko milaka garraiolarik greba mugagabea hasi dute gauerdian, erregaiaren etengabeko prezio igoera tarteko. Hiru sindikatuak eta Nafarroako Garraiolarien Elkarteak (TRADISNA) bat egin dute Espainiako Garraioaren Defentsarako Plataformak deitutako lanuzte mugagabearekin.
Bi helburu nagusi ditu greba honek: batetik, kargatzaileak presionatzea, garraioaren tarifak egungo kostuetara egokitzeko, eta, bestetik, Nafarroako eta EAEko gobernuei sektoreak bizirauteko behar dituen neurriak har ditzatela eskatzeko.
Erregaiaren prezioa dela eta, kamioiak geldirik izatea lanean aritzea baino errentagarriagoa dela azpimarratu dute garraiolari askok eta askok, eta, besteak beste, garraioaren tarifak erregaiaren prezioaren arabera berrikustea eskatzen dute.
Lanuzteaz gain, mobilizazioak iragarri dituzte euskal garraiolariek. Hala, asteartean Iruñean eta asteazkenean Gasteizen protestak egingo dituzte administrazioei neurriak eskatzeko.
Grebaren tamaina aintzat hartuta, hainbat sektoretan antzemango da horren eragina, industrian eta merkataritzan, gehienbat.