Ekonomia -

SALNEURRIAK

Erregai litroa 15 zentimo merkatuko da Iparraldean, apirilaren 1etik aurrera

Frantziako lehen ministroak iragarri duenez, lau hilabete iraungo du hobariak. Neurriaren helburua Ukrainako gerrak eragin duen prezio igoera arintzea da.

Gasolindegiko langilea, erregaia sartzen auto bati. Argazkia: EFE
Gasolindegiko langilea, erregaia sartzen auto bati. Argazkia: EFE
Gasolindegiko langilea, erregaia sartzen auto bati. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | REDACCIÓN

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jean Castex Frantziako lehen ministroak iragarri du apirilaren 1etik aurrera, 15 zentimo merkeagoa izango dela erregai litroa, Ukrainako gerrak eragin duen prezio igoera arintzeko neurri gisa.

"Apirilaren 1etik aurrera, litroko 15 zentimoko deskontua aplikatuko da erregaietan, lau hilabetez" azaldu du Castexek Le Parisien egunkarian egin dioten elkarrizketan. Gainera, aparteko esfortzu bat egin eta eurek ere deskontu gehigarria aplikatzeko eskatu die petrolio-konpainiei eta banatzaileei.

"Banatzaileek jaitsiera aplikatuko dute eta Estatuak ordainduko die. Zergatik ez ditugun zergak jaitsiko galdetzen didazu? Lehenik eta behin, lege bat behar delako eta horrek denbora behar duelako. Bigarrenik, energia kutsagarriei zergak jaistea ekologiaren kontrakoa delako. Eta, azkenik, deskontu honek guztiei laguntzen dielako, zergak ordaintzetik salbuetsita dauden profesionalak barne" argudiatu du.

Castexek onartu du gasoleoaren prezioa 2 euro igo dela litroko, batezbeste. "Litekeena da egoera hau denboran luzatzea. Estatuak esfortzua egiten badu litroa 15 zentimo jaisteko eta konpainiek, adibidez, beste 5 zentimo jaisteko esfortzua egiten badute, azkenean, 20 zentimo dira frantziarren poltsikoan amaitzen dutenak" argudiatu du. Guztira, deskontua 2.000 milioi euro pasatxo kostatuko zaiola Estatuari zehaztu du.

Produktu eskasia gertatzea posible ote den galdetuta, Castexek esan du "lasai" egoteko. "Ez dugu eskasiarik aurreikusten, eta ez izateko biderik hoberena guk geuk ez eragitea da, gauzak alferrik pilatuz". Hori bai, prezioetan eragina duela gerrak berretsi du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Baiona Biarritz Maule Donibane Garazi Hendaia Kontsumorako prezioen indize Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Petrolioa albisteak Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea Errusia-Ukraina gerra Gasolioaren prezioa