Ekonomia -

manifestazioa

PCB-ITPko langileek "normaltasuna" berreskuratu nahi dute kaleratutako langileen itzulerarekin

PCB-ITPko langileek manifestazioa egin dute Sestaon "Eskerrik asko" lelopean, baliogabetutako EEEak kaltetutako 83 langileen lanpostuen defentsan izan duten "babesa" eskertzeko.

PCB-ITPko langileen manifestazioa, Sestaon. Argazkia: EITB Media
PCB-ITPko langileen manifestazioa, Sestaon. Argazkia: EITB Media
PCB-ITPko langileen manifestazioa, Sestaon. Argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko eta Sestaoko lantokietan "normaltasuna" berreskuratzea espero dute PCB-ITPko langileek. Justiziak 83 beharginen kaleratzea ekarri zuen enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) baliogabetzat jo ondoren, "pixkanaka" itzuliko dira dagozkien lanpostuetara.

PCB-ITPko langileek, lan-gatazkak dituzten beste enpresetako beharginekin batera, manifestazioa egin dute Sestaon "Eskerrik asko" lelopean, baliogabetutako EEEak kaltetutako 83 langileen lanpostuen defentsan izan duten "babesa" eskertzeko.

Gainera, manifestazioak Auzitegi Gorenaren epaia "ospatzeko" ere balio izan die. Horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak igorritako epaia berretsi zuen, baliogabetzat jo baitzuen orain lanpostuetara itzuli ahal izango duten langileen kaleratzea.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Angel Rodriguez enpresa batzordeko presidenteak gogorarazi du astelehenean bilera izango dutela zuzendaritzarekin, Barakaldoko eta Sestaoko lantokietako langile kaltetuen "sarrera mailakatua" nolakoa izango den zehazteko.

Ziurtatu duenez, zuzendaritzari eskatuko diote "euren lanpostuetara" itzul daitezen, Auzitegi Gorenaren epaiak "oso argi" adierazi zuen moduan. Hala, nabarmendu du langileak "utzi behar ez zituzten postuetara" itzuliko direla.

Rodriguezen esanetan, "lankideak euren lanpostuetan egotea" izan dute beti helburu eta, hemendik aurrera, itzulera horrekin, lantokietan "nolabaiteko normaltasuna" lortzea bilatuko dute, eta "lanean hastea, hori baita guztiok behar duguna".

Manifestazioaren ostean, PCB-ITPko enpresa batzordeak "PCBko plantillaren garaipena" ospatu du, "ITP taldea bezalako erraldoi errukigabe" baten aurrean. Gaineratu du enpresaren helburua "83 familiaren bizitza suntsitzea" zela, eta Ezkerraldea "pobrezian oraindik gehiago murgiltzea".

Elkarte, sindikatu eta alderdi politiko desberdinen partetik EEEaren aurkako "borrokan" jasotako babesa eskertu du eta, era berean, Eusko Jaurlaritzaren "kudeaketa negargarria" kritikatu du. Izan ere, haren aburuz, Jaurlaritzak "patronalaren aldeko jarrera argia" azaldu du "lan-gatazka honetan eta beste askotan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal herriak Sestao bideoak Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Azken ordukoa protestak