Ekonomia -

DONOSTIA

Anoetako Topo geltokiak bigarren atari bat izango du

Birmoldaketa udazkenean hasiko da eta 2025ean amaituko da. Jaurlaritzak hamar milioi euro inbertituko ditu eta erreiak murriztuko dituzte Aita Donostia plazan.

Anoetako topoaren geltokiaren proiektua. Argazkia: Irekia.
Anoetako topoaren geltokiaren proiektua. Argazkia: Irekia.
Anoetako topoaren geltokiaren proiektua. Argazkia: Irekia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Anoetako geltokia osorik eraberritzeko proiektua lizitatuko du datozen asteetan. Proiektuaren barruan, lurrazalean bigarren atari bat eraikitzea, nasak birgaitzea eta Aita Donostia plazako bideak berrantolatzea dira lanik nabarmenenak. Jarduketaren aurrekontua hamar milioi eurokoa da, eta lanak gauzatzeko epea 30 hilabetekoa, Iñaki Arriola sailburuak ostiral honetan iragarri duenez.

Anoeta bigarren geltokia da Topoaren erabiltzaile kopuruari dagokionez, eta 2019an 2.000.000 bidaiari baino gehiago izan zituen. Lugaritz eta Easo arteko trenbide saihesbidea martxan jarrita, zenbatetsi da ustiapen modelo berriak joan-etorri kopurua era progresiboan handituko duela.

Horregatik guztiagatik, jarduketaren helburu nagusia da Anoetako geltokia Hendaia eta Zumaia artean ezarriko den zerbitzu eskaintzara egokitzea, segurtasuna, irisgarritasuna, erosotasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko geltokia birgaituz.

Geltokiko egungo ataria 1990eko hamarkadaren hasieran eraiki zen, estadioarekin batera, eta une honetan ez da nahikoa egungo eskariari erantzuteko, ekitaldi handiak dauden egunetan batez ere. Horregatik, sarbide berria eraikiko da Hendaia aldean. 180 gradutan sarrera eta irteera izango duten igogailu irisgarriak izango ditu, egungo ataria osorik eraberrituko da, instalazioak eguneratuko dira, argiztapena teknologia eraginkorragoetara egokituko da, nasetako estaldurak eta altzariak eta geltokiaren kanpoko ingurua berrituko dira.

Lan horiek guztiak amaitu eta sarbide berria martxan jarri ondoren, obra eremua Anoetako geltokiko sarrera zaharrera lekualdatuko da. Sarrera hori eraitsi egingo da, eta, horren ordez, atari berriaren antzeko egitura bat instalatuko da, inguruari koherentzia arkitektonikoa emateko. Aldi berean, nasak luzeran zabaltzeaz gain, tonu argiagoz estaliko dira eta argiztapena hobetuko da, segurtasun eta garbitasun sentsazio handiagoa transmititzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak