Ekonomia -

Krisi ekonomikoa

Egungo krisi sozioekonomikoari "bidezko irteera" emateko neurriak eskatu ditu ELAK

Mitxel Lakuntza buru duen sindikatuak produktu energetikoen prezioak mugatzea, energiaren kontrol publikoa eta ekoizpen eredua eraldatzeko neurriak proposatu ditu, besteak beste.

Mikel Noval eta Mitxel Lakuntza. Argazkia: ELA
Mikel Noval eta Mitxel Lakuntza. Argazkia: ELA
Mikel Noval eta Mitxel Lakuntza. Argazkia: ELA

O.P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako gerrak sortutako testuinguruaren aurrean, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Mikel Noval Azterketa Bulegoko arduraduna prentsaren aurrean agertu dira gaur, krisiari "bidezko irtenbide bat" emana ahal izateko neurriak eskatzeko, "langile klasearen pobretzea saihestu eta orain gordindu egun diren egiturazko arazoak konpontzeko: inflazioa, deslokalizazioa eta materialen krisia". 

Sindikatuaren arabera, beharrezkoa litzateke, horretarako, produktu energetikoen prezioak mugatzea, energiaren kontrol publikoaren alde egitea eta ekoizpen eredua eraldatzeko neurriak hartzea, besteak beste. 

Lakuntzak adierazi duenez, "inflazioa areagotzen ari den une honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da soldatek erosahalmena ez galtzea. Izan ere, soldatak ez ditira arazoa, konponbiderako bidea baizik". Gogorarazi du, pentsioak, LGSa edo sektore publikoko soldatak, haatik 2021eko KPIaren "oso azpitik igo" direla. Horren harira, azpimarratu duenez, ELAk KPIa bermatzen duen soldata igoerak defendatzen jarraituko du. 

Bestalde, Mikel Novalek agerian utzi du prezioen igoera ez dela soilik Ukrainako gerraren ondorio. "Lehen ere gertatzen ari zen. Material falta edo petrolioa edo gasa erauzteko gaitasunaren mugak lehendik datoz", esan du, eta gaineratu "sistema elektrikoaren diseinuak argindarraren tarifa garestitzen" duela salatu izan dutela lehen ere. Azpimarratu duenez, halaber, ez da gauza berria "espekulazioarekin prezioen gehiegizko igoeraren kontura aberasten ari direla ere".

Horregatik guztiagatik, ELAk, soldaten erosteko ahalmenari eusteaz gain, berehalako eragina izango duten hainbat neurri eskatu ditu, besteak beste, produktu energetiko guztien prezioen kontrola eta "sozialki onargarriak diren balioetan, elektrizitatearen edo erregaien prezioei" mugak ezartzea. Gainera, energiaren kontrol publikoaren beharra azpimarratu dute, baita elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema aldatzeko premia ere. "Energia guztia iturririk garestienaren prezioaren arabera ordain ez dadin".

Berehalako neurri horiez gain, ELAk beste neurri batzuk ere aipatu ditu "eredu ekonomiko eta soziala aldatzea dakarren erronka sistemikoari" erantzuteko, eredu hori baitago, "orain azaleratzen ari diren" arazo askoren atzean. Besteak beste, "inbertsio publikoa nabarmen handitzea" proposatu dute, "gizartearen eta ekologiaren aldetik beharrezkoa den hedapena duten sektoreetara zuzendua (zainketen sistema publiko, unibertsal eta doakoa, edo osasun edo hezkuntzako inbertsio publikoa Europako batez bestekoarekin parekatzea). Horrez gain, "enpresek beren mozkinengatik ordaintzen dituzten zergak eta kapitala nabarmen handituko dituen erreforma fiskala; edo zor publikoaren herritarren ikuskaritza" ere nabarmendu dituzte. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia ELA KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Energia berriztagarriak Errusia-Ukraina gerra