Ekonomia -
INFLAZIOA
Prezioak % 7,4 igo dira otsailean Euskadin
Batez ere etxebizitza garestitu zen, elektrizitatearen eta gasolinaren prezioen gorakadak eraginda. Espainian, inflazioa % 7,6koa da, 1986tik ikusi gabeko mailak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Argindarrak, gasolinak eta elikagaiek % 7,4ra igo dute otsaileko Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta prezioak % 0,8 garestitu dira otsailean, urtarrileko prezioekin alderatuta.
Otsaileko urte arteko tasa 1,4 puntu igo da urtarrileko urte arteko datuaren aldean, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak ostiral honetan argitaratutako KPIaren arabera.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban % 7,6 igo da urte arteko KPIa, Bizkaian % 7,5 eta Gipuzkoan % 7,1. Urtarrileko datuekin alderatuta, Araban % 0,6 egin du gora, Bizkaian % 0,7 eta Gipuzkoan % 0,9.
Iazko otsaileko datuekin alderatuta, etxebizitza % 26,8 garestitu da (urtarrilean erregistratutakoa baino 7,8 puntu gehiago), elektrizitatearen eta berokuntzarako erregaiaren prezioek eraginda; garraioak % 12,1 gora egin du; eta Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak % 5,3 garestitu dira.
Estatuan, KPIa % 7,6 igo zen otsailean, aurreko urteko hil beraren aldean, hau da, 1986ko abenduaz geroztik izan den kopururik altuena. Inflazio hori estatistika-erakundeak aurreratutakoa (% 7,4) baino bi hamarren handiagoa da; izan ere, azken horrek otsaileko azken egunak gehitu ditu, eta horietan islatzen da gerrak Ukrainan izan duen eragina.