Ekonomia -
Ukrainako gerra
Bilboko portutik sartzen den gasak gerra finantzatzen duela salatu du Greenpeacek
Gas eta petrolioaren esportazioak "Putinen gerra-makineria finantzatzen" duela salatu du Greenpeacek. Gainera, Moskuk "Europaren menpekotasun energetikoa arma gisa erabiltzen" duela erantsi du.
Agentziak | EiTB Media
Bilboko portuan, Zierbenan, deskargatzen ari den Errusiako gas ontziaren aurka protesta egin dute Greenpeaceko bi ekintzailek.
"Gerrari ez" eta "Gasak gerra finantzatzen du" lelopean talde ekologistako kideek protesta ekintza egin dute.
Ohar batean, Greenpeacek Errusiaren inbasioa gaitzetsi du, eta Ukrainako biztanleei elkartasuna adierazi die. Gobernuz kanpoko erakundeak "Europako buruzagiei anbizio klimatikoa azaltzeko eta erregai fosilen inportazioak murrizteko" eskatu die.
Gas eta petrolioaren esportazioak "Putinen gerra-makineria finantzatzen" duela adierazi du Greenpeacek. Gainera, Moskuk "Europaren menpekotasun energetikoa arma gisa erabiltzen" duela erantsi du.
Talde ekologistak ohartarazi duenez, energiaren garestitzearen eta Errusiako gasarekiko menpekotasunaren aurrean, "gas inportazio iturri berriak bilatzeak, gas azpiegitura berrietan inbertitzeak edo erregai alternatiboek ez lukete Europaren zaurgarritasuna konponduko, eta krisi klimatikoa areagotzen jarraituko lukete".
Horregatik, Espainiako Gobernuari "Estatua gasaren Europako zentroa bihurtzeko azpiegitura berri batean inbertitzea baztertzeko" eskatu dio, MidCat gasbidean esaterako, "bidezko energia berriztagarri demokratikoan soilik inbertitzeko".