Ekonomia -

UKRAINAKO GERRA

EBZren hazkunde eta inflazio aurreikuspenak okerrera, Ukrainako gerraren ondorioz

Europako Banku Zentralak (EBZ) beherantz berrikusi ditu eurogunerako hazkunde-aurreikuspenak, baina nabarmen handitu ditu inflazio-aurreikuspenak bere proiekzio makroekonomiko berrietan. Edonola ere, EBk Errusiaria ezarritako zehapenak beteko ditu eta edozein erabaki onartzeko prest dago.

Europako Banku Zentraleko lehendakari Crhistine Legarde. Argazkia: EFE
Europako Banku Zentraleko lehendakari Crhistine Legarde. Argazkia: EFE
Europako Banku Zentraleko lehendakari Crhistine Legarde. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Banku Zentralak (EBZ) beherantz berrikusi ditu eurogunerako hazkunde-aurreikuspenak, baina nabarmen handitu ditu inflazio-aurreikuspenak bere proiekzio makroekonomiko berrietan, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak izan dezakeen eraginaren lehen ebaluazioa barne.

"Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak eragin materiala izango du jarduera ekonomikoan eta inflazioan, energiaren eta lehengaien prezioen igoeraren, nazioarteko merkataritzaren etetearen eta konfiantzaren ahultzearen bidez", ohartarazi du Christine Lagarde EBZko presidenteak. Era berean ohartarazi du ondorio horien tamaina gatazkaren bilakaeraren, egungo zigorren eraginaren eta balizko neurri gehigarrien araberakoa izango dela.

Horrela, banku zentralak aurreikusitako oinarrizko egoeraren arabera, euroguneko BPGa aurten % 3,7 haziko litzateke, abenduan aurreratutako % 4,2aren ordez; 2023an, berriz, BPGaren hedapena % 2,8koa izango da, aurretik aurreikusitakoa baino hamarren bat gutxiago, eta 2024an BPGa % 1,6 haziko da, abenduko proiekzioaren ildotik.

Prezioei dagokienez, Europako Banku Zentralak gorantz berrikusi ditu inflazio-aurreikuspenak, izan ere, 2022an % 5,1ekoa eta 2023an % 2,1ekoa izango da; abenduan % 3,2ko eta % 1,8ko igoerak aurreikusten zituen, hurrenez hurren. 2024rako, erakundeak % 1,9ko inflazio-tasa aurreikusten du, abenduan aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago.

EBren zehapenak aplikatuko ditu 

Europako Banku Zentralak ostegun honetan adierazi duenez, Europar Batasunak (EB) eta Europako Gobernuek erabakitako zigorrak aplikatuko ditu, eta agindu hori betetzeko beharrezkoa den edozein erabaki onartzeko prest dago.

Aktiboak erosteko planak ere berrikusi ditu, eta aurtengo hirugarren hiruhilekorako erosketa garbiak bukatutzat jo ditu, betiere inflazioaren aurreikuspenak helburuekin bat badatoz, erakundeak ostegun honetan jakitera eman duenez.

Interes-tasei dagokienez, Europako Banku Zentralak igorritako komunikatuak apur bat aldatu ditu aurreikuspenak. Orain arte, erakundeak esan du aktiboak erosi eta "handik gutxira" igoko zirela tasak.

Ostegun honetan aurreikuspen hori aldatu du, eta orain adierazi du diruaren prezioan edozein doikuntza "uneren batean" egingo dela aktiboen erosketa garbiak amaitu ondoren. Era berean, interes-tasen edozein aldaketa "mailakatua izango da".

Errusiako gasaren deskonexioa bizkortzeko eta merkatu elektrikoan prezioen igoera arintzeko Europako Batzordeak planteatutako neurriek premia geopolitikoa lehen lerroan jartzen dute eta lehentasuna kentzen diete Europar Batasuneko helburu klimatikoei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Europako Banku Zentrala