Ekonomia -
2022-2024 plana
1.000 pertsona kontratatu eta elektrifikazioari bide emango dion teknologian buru izan nahi du Ingeteamek
Ingeniaritza elektrikoan diharduen enpresa honen plan estrategikoa teknologian nahiz instalazioetan oinarrituko da. Aurreikusitakoaren arabera, 2024 bukaerarako 5.100 langile izango ditu konpainiak.
EITB MEDIA
Ingeteamek 2022-2024rako plan estrategikoa aurkeztu du ostegun honetan, zeinaren bidez potentziaren eraldaketan erreferente izan nahi duen.
Hazkunde plan hori teknologian zein instalazioen berrikuntzan oinarrituko da. Hala, aurreikusitakoaren arabera, 1.000 lanpostu berri sortuko ditu; horietako 100 ikerketa eta garapenarekin lotuta. Gaur egun 4.100 behargin ditu, baina 2024 amaierarako 5.100 pertsona egongo dira bertan lanean, aurreikuspenak betetzen badira. Gainera, konpainiak iragarri du 1.000 milioi euro inguru fakturatuko dituela. Horrek esan nahiko du % 44ko hazkundea izango lukeela plan estrategikoa bukatzen den unean.
Bezeroari zuzendutako norabide sektoriala ardatz, antolaketa matrizial batean oinarritu da Ingeteam bere produktuen, sistemen eta zerbitzuen salmenta bultzatzeko. Antolaketa sektorial hori osatzeko, zortzi sail funtzional eta hiru segmentu teknologiko ditu. Horien helburua da espezializazioa, transbertsalitatea eta barne efizientzia lortzea.
Horretarako, handinahi handiko inbertsio planak sustatu ditu, lehiatzen den sektoreetan erreferente bihurtzeko asmoz-edo. Energia berriztagarrien merkatua azkar haziko da hurrengo urteetan, eta plan estrategiko berri honekin eraldaketa energetikoan erreferente izan nahi du Ingeteamek.