Ekonomia -
ELKARRIZKETA ETB-N
Tapia: "Lehen erabakia europarra izan behar da eta elektrizitatearen eta gasaren lotura eten egin behar da"
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren esanetan, energia bertan ekoizteko apustua egin behar da eta hori gauzatzeko erabakiak hartu.
Onintza Aiestaran | EITB Media
Ukrainako gerraren testuinguruan energiaren kostuan nabarmen igotzen ari den honetan, energiaren prezioaren igoeraz eta menpekotasun energetikoaz hitz egin du gaur goizean Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan. Argindarraren prezioaren gorakada gelditzeko lehen erabakia Europar Batasunetik etorri behar duela uste du, eta horretarako elektrizitatearen eta gasaren arteko lotura etetea defendatu du. Izan ere, gaur egun gasak markatzen du, nolabait, elektrizitatearen prezioa.
Bestalde, energia bertan ekoizteko apustua egin eta hori gauzatzeko erabakiak hartu behar direla nabarmendu du Tapiak. Sailburuak emandako datuen arabera, gaur egun kanpotik dator kontsumitzen den energiaren % 90. Energia berriztagarrien apustua benetakoa izan behar dela eta kasu horretan proiektuak azkartu egin behar direla uste du.
Gertuko energiaz hitz egiterakoan eta energia berriztagarriei lotuta, parke eolikoak eta fotovoltaikoak izan ditu ahotan.
Energia nuklearrari buruz galdetuta, ate hori Euskal Autonomia Erkidegoan itxita dagoela iritzi dio: "Eztabaida hori gurean itxita dago, baina Frantziak adibidez 20 zentral nuklear zabaltzeko apustua egin du".
Tapiaren iritziz, egoerari aurre egiteko diru-laguntzak Europatik iritsiko dira: "Emergentzia egoera batean gaude, egoera berezia da eta laguntza nagusiak Europatik ezarriko dira".
Testuinguru berri honek trantsizio energetikoa atzeratu ote dezakeen galdetuta, helburuak aldatu gabe bidea aldatzeko aukera ikusten du sailburuak.
Langileen balizko soldata igoeraz ere hitz egin du: "Hainbat aldagai hartu behar dira kontuan eta elkarrizketa mahaia hori aztertzeko leku aproposa da".