Ekonomia -
Krisi energetikoa
Gasolioaren prezioak atunontzien bideragarritasuna kolokan jartzen duela ohartarazi dute armadoreek
Anertz Muniategi ANABAC Atunontzi Armadoreen Elkarteko zuzendari nagusiak ohartarazi duenez, Italiako flotak jarduera bertan behera utzi du dagoeneko.
Agentziak | EiTB Media
Gasolioaren prezioaren gorakadak itsasontzien jarduera kolokan jartzen duela ziurtatu du gaur Anertz Muniategi ANABAC Atunontzi Armadoreen Elkarteko zuzendari nagusiak.
Hiru armadore talde eta 21 atunontzi biltzen dituen kolektiboko ordezkariak gogorarazi duenez, Italiako flotak jarduera bertan behera utzi du dagoeneko, eta Espainian arrantza sektore guztian gauza bera gertatuko da neurriak hartu ezean.
Muniategiren ahotan, erregaiaren prezioaren gorakadak egoera "konplexua" ekarri du, "salneurrien inguruko ziurtasunik ez dagoelako"; izan ere, gasolioa "modu esponentzialean eta kontrolik gabe gora egiten ari da", eta 30 minutu eskasean aldatzen da haren salneurria sektorean.
Azaldu duenez, iragan astean mila litro gasolioren truke 1.070 euro eskatu zizkieten armadoreei, atunontzi batek 500.000 litro edo gehiago behar dituenean. Arrainaren salmentarekin ez dute kostua ordaintzen, erantsi duenez.