Ekonomia -
Gerraren ondorioak
Argindarraren garestitzeak hainbat altzairutegi, paper-fabrika eta enpresa gelditzea eragin du EAEn
Olaberriako Arcelorren, Sestaoko ACBn, Michelinen, Mercedesen edo Arangureneko eta Hernaniko paper-fabriketan ekoizpena gelditu behar izan dute, argindarraren prezioaren gorakadagatik edo hornidura faltagatik.
EITB MEDIA
Ukrainako gerrak areagotu duen argindarraren prezioaren etengabeko garestitzeak eta hornidura faltak, jada sektore ezberdinetako euskal enpresetan izan du eragina.
Siderurgiaren sektorean, Arcelorrek Olaberrian duen lantegia gelditu egin dute ordurik garestienetan, eta gaur iragarri dute Sestaoko ACBn ez dutela jarduera igande honetan berrabiaraziko, aurreikusita zegoen moduan, "egoera jasangaitza delako".
Horrez gain, argiaren prezioaren ondorioak papergintzaren sektorean ere nabaritu dituzte. Lucart talde italiarrak Arangurenen duen lantegia gaurtik aurrera itxita egongo da eta Hernaniko Cominter paper-fabrikak gauza bera egingo du aste bukaeran, prezioen gorakada gelditzeko premiazko neurririk hartzen ez bada behintzat.
Halaber, automobilgintza sektorean piezak falta zaizkie. Michelinek ekoizpena etengo du datozen bi asteburuetan eta Mercedes itxita egongo da aste osoan.
Adegi patronalak emandako datuen arabera, Gipuzkoako hamar enpresetatik sei ari dira Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerraren ondorioak modu batean edo bestean pairatzen.
Atzo, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak adierazi zuen Euskadi eta Europar Batasuna "larrialdi energetikoan" daudela eta salbuespeneko neurriak behar direla argindarraren prezioaren gorakada gelditzeko eta, ondorioz, enpresa gehiagok beren jarduera eten behar izatea saihesteko.
Gaur, Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du Errusiaren inbasioak "gerra ekonomikoa" piztu duela eta horren ondorioak oso gogorrak izango direla ohartarazi du.