Ekonomia -

Ukrainako gerra

"Gerra ekonomia" iragarri eta garai gogorrak datozela ziurtatu du Urkulluk

Jaurlaritzak errefuxiatu ukrainarrentzako Europako laguntzak "osatzeko bideak aztertuko" dituela aurreratu du lehendakariak.

Iñigo Urkullu lehendakaria gaur goizeko hitzaldian
Iñigo Urkullu lehendakaria gaur goizeko hitzaldian
Iñigo Urkullu: ''Ukrainako inbasioaren eragina larria da eta izango da''

0:42

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, Errusiak Ukraina inbaditu izanak "gerra ekonomia" eragin du, eta ondorioak latzak direla eta izango direla ohartarazi du. Halaber, Jaurlaritzak errefuxiatu ukrainarrentzako Europako laguntzak "osatzeko bideak aztertuko" dituela aurreratu du.

Urkulluk eta Claus Grande Lidlen Espainiako zuzendari nagusiak banatzaile horren plataforma logistiko berriaren aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Iruña Okan (Araba) eta hitzaldian Putinek gaur bertan egindako iragarpena azpimarratu du lehendakariak, alegia, produktu eta lehengaien esportazioa 2022ko abenduaren 31ra arte debekatzeko baimena.

Era berean, gaineratu du ekoizpen-kostuak igotzen ari direla energiaren eta lehengaien prezioen igoeragatik, eta enpresak ekoizpena eteten ari direla. Egoera horrek automobilgintzako eta galdaketako sektoreei eragiten die bereziki, baina baita logistari, garraioari, banaketa sektoreari eta elikagaienari ere.

"Eraginkortasun energetikoaren ahalegina areagotzeko unea da hau", esan du Urkulluk, "trantsizio energetikoa malgutzeko erabakiak hartzekoa eta energia alternatiboaren proiektuak, parke eolikoak eta hidrogenoa kasu, martxan jartzeko prozesua bizkortzeko momentua, baita norberaren gaitasunei eta interkonexioei buruz hausnartzekoa ere", nabarmendu du.

Lehendakariaren arabera, larrialdi energetikoko egoera hori beharrezko lehengaiak eskuratzeko ezintasunari gehitzen zaio, hala nola zereala, garia edo ekilore-olioa. Uste du horrek eragina izango duela lehen sektorean eta nazioarteko eta tokiko elikadura-katean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak