Ekonomia -

LARRIALDI-ENERGETIKOA

Ansolak esan du Euskadi ez dela hornidurarik gabe geratuko, ez baitago Errusiako gasaren menpe

Hala ere, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak "prezio ero horiek murrizteko premiazko neurriak" eskatu dizkio Europako Batzordeari. Bestela, "Euskadiko enpresen itxiera ikus genezake".

Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Iñigo Ansola. Argazkia: Radio Euskadi.
Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Iñigo Ansola
Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Iñigo Ansola. Argazkia: Radio Euskadi.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Iñigo Ansolaren esanetan, Euskadi oso ondo kokatuta dago gas-azpiegituretan, eta, horren ondorioz, "gas-hornidurarik ezaren beldurra ez da existitzen"; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) "ez dago soilik Errusiako gasaren mende, eta munduko beste leku batzuetako gasarekin ordezka dezakegu".

Hala ere, Ansolak adierazi duenez, "energiaren prezioa merkatu globalean askoz ere diru gehiago kostatzen ari zaigu", eta "erokeria hori jarraituz gero, Euskadin enpresen itxiera ikus genezake". Horregatik eskatu dio Europako Batzordeari "presazko neurriak prezio ero horiek murrizteko".

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Ansolak Ukrainako egoera humanitarioa eta energiaren prezio altuak deitoratu ditu. Zentzu horretan, energia kontsumitzaile handiak izan arren, "energetikoki independenteak eta eraginkorrak izaten saiatzen gara", eta horretarako "energia berriztagarrien, eolikoen eta fotovoltaikoen mix baten alde" egin du.

Ansolak gogorarazi du Euskadik petrolioaren ondoriozko energiaren % 43 kontsumitzen duela, batez ere garraiorako, eta petrolio hori munduko toki guztietatik datorrela. Gas naturala, berriz, industriarako zein elektrizitatea sortzeko erabiltzen da, eta kontsumoaren % 34 hartzen du. Gainerako kontsumoa energia berriztagarrietatik datorrela zehaztu du.

Datu horien aurrean, EEEko zuzendariak berretsi du beharrezkoa dela trantsizio energetikoa "azkartzea" eta teknologia berriztagarri horiek ahalik eta gehien arintzea. "Energia berriztagarriek onura handia dute, oso prezio lehiakorrak dituzte, eskuragarriak dira eta horrek teknologia eoliko zein fotokvoltaiko horien alde egin behar dugula pentsatzen laguntzen digu".

Europaren egoeraz galdetuta, EEEko zuzendari nagusiak azaldu du Europako herrialdeak gas baxua biltegiratzen ari direla, eta krisi honekin jarraituz gero, arazoak izango dituztela datorren negurako biltegiratze-sistema guztiak betetzeko.

Hori dela eta, "gerta dakigukeen onena herrialdeen artean negoziazio asko egotea da, zuhurtasuna nagusi izatea eta odoluste hau ahalik eta azkarren amaitzea dela", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Gas naturala Errusia-Ukraina gerra