Ekonomia -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Argindarraren prezioa finkatzeko sistema birplanteatzea eskatu du Confebaskeko presidenteak
Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentearen esanetan, ez du zentzurik elektrizitatearen prezioa Europak ez duen erregai bati, gasari, lotuta egoteak. Halaber, uste du Europar Batasunak berrikusi egin behar dituela deskarbonizazioaren eta trantsizio energetikoaren alorrean hartutako neurriak.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Erregaien, argindarraren eta, oro har, energiaren prezioa gora eta gora egiten ari den honetan, elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema birplanteatzea eskatu du Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan. Horren esanetan, ez du zentzurik elektrizitatearen prezioa Europak ez duen erregai bati, gasari, lotuta egoteak.
Krisi energetikoa pixkanaka zabaltzen joango dela iragarri du Confebaskeko presidenteak, eta horri aurre egiteko eta energiaren kostua kontrolpean izateko Europar Batasunak, berehala, neurri ausartak hartu behar dituela uste du. Hori egin ezean, egoerak okerrera egingo duela iragarri du.
"Erreakzionatzeko garaia da eta hor Europak benetako erantzukizuna eta protagonismoa dauka", azpimarratu du.
Halaber, uste du Europar Batasunak berrikusi egin behar dituela deskarbonizazioaren eta trantsizio energetikoaren alorrean dagoeneko hartuta dituen konpromisoak.
Euskal industriari dagokionez, elekrointentsiboak, altzairugintza, fundizioak egoera jasanezin batera iritsi direla onartu du, baina eragina are zabalagoa dela onartu du. "Industrian, norbanakoetan, inflazioak eragin izugarria izango du denongan. Egoera oso-oso kezkagarria da", nabarmendu du Confebaskeko presidenteak.
Ekonomiaren bilakaeraren inguruan galdetuta, aurreikuspenak egitea zaila dela aitortu du: "Zaila da aurreikuspenak egitea, gerraren bilakaera eta neurriak ikusi arte".