Ekonomia -

Krisi energetikoa

Arcelor Mittalen Olaberriko lantegian "ordu tarteen arabera" egingo dute lan asteazken honetan

Alberto Carrero Arcelor Mittaleko bozeramaileak Radio Euskadiko "Ganbara" saioan iragarri duenez, argindarraren garestitzren eragina "txikiagoa" den orduetan egingo dute lan. Astearte honetan, 07:00etatik 24:00ak arte eten dute ekoizpena.

Arcelor Mittalen Olaberriko lantegia. Argazkia: Google
Arcelor Mittalen Olaberriko lantegia. Argazkia: Google
Arcelor Mittalen Olaberriko lantegia. Argazkia: Google

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olaberrian (Gipuzkoa) Arcelor Mittal enpresak duen lantegiak ekoizpena eten du astearte honetan, 07:00etatik gauerdiraino, energiaren prezioak izandako igoeragatik, baina asteazkenean lanera itzuliko dira. Hori bai, ordu batzuk bakarrik.

Urrian, argindarraren kostua dela eta, bere lantegi batzuetan "etenaldi labur eta selektiboak" egitea erabaki zuen altzairugintzako multinazionalak. 

Arcelor Mittal Europa enpresaren erabakiak altzairutegi elektrikoetan produktu luzeak ekoizten dituzten lantegiei baino ez die eragiten. Esan bezala, "etenaldi labur eta selektiboak" egin behar izan dituzte aldian-aldian, energia garestitzen den ordu tarteetan. Horretarako, prezioen gorabeherak aztertzen dabiltza aldiro.

Euskal Herrian Olaberrikoa da produktu luzeak ekoizten dituen Arcelorren lantegi bakarra. Guztira, 410 behargin inguru ditu.

Alberto Carrero Arcelor Mittaleko bozeramaileak arratsaldean, Radio Euskadiko Ganbara irratsaioan, iragarri duenez, asteazkenean lan egingo dute, baina "ordu tarteen arabera, eragina txikiagoa denean".

Carrerok gogorarazi duenez, kontsumitzaile elektro-intentsiboek "denbora daramate egoera salatzen". "Ez da azken asteko kontu bat, hilabeteetakoa baizik", errepikatu du. "Egoera jasanezina da benetan", erantsi du.

Bestalde, Sestaoko ACB lantegiari dagokionez, fabrika aurreikusitako geldialdian dagoela azaldu du Carrerok. Datorren igandean, martxoak 13, berriz lanean hastea dagokio Sestaoko lantegiari, "baina egoera aztertzen ari dira".

Euskadi, "energia-larrialdiko egoeran"

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak esan du Euskadi eta Europar Batasuna Ukrainako gerrak eragindako energia-larrialdiko egoeran daudela, eta EBk "ezohiko neurri sendoak" hartu behar dituela, egungo prezio-igoerarekin jarraituz gero, enpresa elektrointentsiboak "gelditu" egingo direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Elektrizitatea