Ekonomia -
Lan arrakala
Lanaldi partzialak gehiago eragiten die emakumeei gizonei baino
EAEn, 2020an, emakumeen % 28k lanaldi partziala zuen; gizonen kasuan, % 9k. Gainera, hamar emakumetik bik asteburuetan egiten dute lan; hamar gizonetik batek egiten du hala.
Agentziak | EITB Media
Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emakumeen lan baldintzei buruzko txosten bat argitaratu du. Horren arabera, baldintza prekarioagoak dituzte emakumeek lan-kontratu motaren, lanaldiaren eta malgutasunaren aldetik.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2020an, emakumeen % 28k lanaldi partziala zuten; gizonen kasuan, % 9k. Hamar emakumetik bik asteburuetan egiten dute lan; hamar gizonetik batek egiten du hala. Era berean, emakume langileen % 18k sei-zazpi eguneko lanaldia dute; datua % 13ra jaisten da gizonetan. Horien herenak baino gehiago malgutasun handia dute lanetik irteteko orduan; emakumeen kasuan, % 29,3k.
Lanaldi bikoitza
Zaintza-lanetan emakumeek ordezkapen handia dute, bai ordainduetan, bai ordaindu gabeetan. Hala, familien % 18k 60 ordutik gorako lanaldi bikoitza dute (etxeko zein kanpoko lanak). Etxeko lanei dagokienez, emakumeek 2,2 ordu igarotzen dute egunean; gizonek, aldiz, 1,6 ordu.
Modu berean, emakumeek 4,6 ordu ematen dituzte egunero seme-alabak zaintzen, eta gizonezkoek, berriz, 3,4. Mendekotasuna duten pertsonen kasuan, 2,3 eta 1,6 ordu, hurrenez hurren.
Txostenak erakusten duenez, EAEko emakumeak ez dira lan-merkatura ateratzen amatasunagatik, baina kasuen % 22 baino gehiagotan, ama gurasobakarrek eta seme-alabak dituzten emakume bikotedunek lanaldi bikoitza egiten dute.