Ekonomia -
UKRAINAKO GERRA
Energia iturriak dibertsifikatzearen alde egin dute Von der Leyenek eta Sanchezek Errusiaren menpe ez egoteko
Espainiako presidenteak esan du Vladimir Putin Errusiako presidenteak "bi akats estrategiko" egin dituela: "Ukrainak amore emango zuela pentsatzea eta Europa zatituta egongo zela pentsatzea".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak argi dute Europar Batasunak "Errusiako gasaren eta ikatzaren menpekotasunetik libratu beharra" daukala. "Horretarako, gure energia iturriak dibertsifikatu behar ditugu, eraginkortasun energetikoa bermatu eta energia berriztagarrietan asko inbertitu", adierazi du Europako Batzordeko presidenteak Moncloa Jauregian egindako bileraren ostean emandako prentsaurrekoan.
Europako Batzordeko presidenteak Espainia goraipatu du "ahalegin horien buruan joateagatik". Izan ere, energia berriztagarrien portzentaje "ikaragarria" du Espainiar Estatuak von der Leyenen aburuz: "Energia-gaitasun handia du Espainiak, eta trebetasun eta esperientzia izugarria energia berriztagarriaren esparruan. Espainiak paper garrantzitsua jokatuko du Europako energia-horniduran" iragarri du.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu duenez, Europar Batasunaren independentzia energetikoarekin zerikusia duten hainbat gairi buruzko iritziak partekatu dituzte: "Funtsezko sektore teknologiko batzuetan aurrera egin behar dugu. Ez dut zalantzarik EB indartsuago aterako dela erronka horietatik", esan du Sanchezek.
Nadia Calviño Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako lehen presidenteorde eta ministroak zein Teresa Ribera hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako ministroak ere parte hartu dute bileran.
Sanchezek dio Putinek "bi akats" egin dituela: "Ukrainak amore emango zuela pentsatzea eta Europa zatituta egongo zela pentsatzea"
Bestalde, Sanchez presidenteak esan du Vladimir Putin Errusiako presidenteak "bi akats estrategiko" egin dituela: "Ukrainak amore emango zuela pentsatzea eta Europa zatituta egongo zela pentsatzea". "Batetik, ukrainarrek batasun handia erakutsi dute euren askatasuna defendatuz", eta bestetik, "Europak inoiz baino gehiago bat egin du".
"Europak defentsa-politika bateratua lortzea" defendatu du Espainiako presidenteak bere agerraldian, "gero eta garrantzitsuagoa den NATOren osagarri perfektua izango litzatekeena" esan du. "NATOk ekainean Madrilen egingo duen goi-bilera ezin hobea izango da bi erakundeen osagarritasuna lortzeko" gaineratu du.
Europako Batzordeko presidenteak ere Europaren batasuna goraipatu du: "Gozamena eta harrotasuna ematen du EBk batasuna eta elkartasuna erakutsi dituela esateak". Batasun horren adibide, "Errusiako erregimenaren aurkako hainbat zigor pakete" aipatu ditu Von der Leyenek.