Ekonomia -
Aurreikuspen ekonomikoak
Eusko Jaurlaritzak 2022rako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak berrikusiko ditu, Ukrainako gerra dela eta
Gatazka belikoak, covid-19aren kontrolak eta etorkizuneko aldaerek eta inflazio handiak zaildu egingo dute pandemiaren aurreko BPG berreskuratzea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak Euskadiko 2022rako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak berrikusi beharko ditu, Ukrainako gatazka belikoaren ondorioz, gatazka horrek "ezinbestean" eragiten baitio Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren bilakaerari.
Ekonomia Sailak Eustaten 2021eko laugarren hiruhilekoko kontu ekonomikoei buruzko balorazioa egin du, eta iazko hazkundea % 5,6koa izan zela berretsi du, 1998tik izandako tasarik altuena, Ekonomia eta Ogasun Sailak aurreikusi zuen bezala.
Gainera, laugarren hiruhilekorako urte arteko hazkundea % 4,6koa izatea aurreikusi zuen, jakitera eman dutena baino hamarren bat txikiagoa. Hala ere, Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak "2022rako beste balorazio bat egitea eskatzen du, abenduan egindakoa zuzenduta", Pedro Azpiazu buru duen Ekonomia eta Ogasun Sailetik adierazi dutenez.
EAEko ekonomiak 2021ean izandako hedapena oso garrantzitsua izan da, eta Europako herrialdeen batezbestekoa baino pixka bat handiagoa; izan ere, herrialde horietan BPGa batez bste % 5,2 handitu zen. Hala eta guztiz ere, oraindik ez da berreskuratu pandemiaren aurreko maila, baina aurtengo bigarren hiruhilekoan lortzea espero da.
Sailaren arabera, hori lortzeko zailtasunak "asko eta handiak" dira: "Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka belikoa, pandemiaren eta etorkizuneko aldaeren kontrola, hornigaien falta, gatazkaren ondorioz areagotu daitekeena, eta inflazio handia, jada fenomeno iragankor gisa ikusten ez dena; izan ere, hasieran espero baino gehiago iraun dezake, gerrak erregaien (gasa eta petrolioa) prezioari eta industria eta nekazaritzarako lehengaien eskasiari eragingo baitie".