Ekonomia -

manifestazioa

200 traktore baino gehiago atera dira Iruñean, landatar munduarentzat "errespetua" eskatzeko

Manifestazioak, gainera, lehen sektorean lan egiten duten pertsonen garrantzia azpimarratu nahi izan du, gizarteko "ezinbesteko" figura bezala.

Traktoreak, Iruñeako erdigunean. Argazkia: EFE
Traktoreak, Iruñeako erdigunean. Argazkia: EFE
Traktoreak, Iruñeako erdigunean. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

200 traktorek baino gehiagok egin dute ibilbidea ostegun honetan Iruñeako erdiguneko kaleetatik, landatar munduarentzat eta, bereziki, lehen sektorearentzat errespetua eskatzeko. Gainera, nekazaritzan eta abeltzaintzan lan egiten duten pertsonen garrantzia azpimarratu nahi izan dute, gizarteko "ezinbesteko" figura bezala eta elikagai hornitzaile bezala.

Iruñeako Sadar kalean bildu dira traktoreak, Osasunaren estadioaren aurrean, eta "Nekazaririk eta abeltzainik gabe, nork emango dizu jaten bihar?" lelopeko pankartaren atzean. Zaragoza etorbidetik, Principe de Viana plazatik eta Merindadeen plazatik ibili dira. Azken honetan, 40 traktoreri baimendu zaie sarbidea.

Traktoreetako batzuk UAGN eta EHNE-Nafarroa nekazaritza-sindikatuen banderak zeramatzaten, eta protesta kartelak.

Beranduago, Gonzalez Tablas kaletik (Landa Garapeneko Departamentuaren egoitza aurrean), beste manifestazio bat abiatu da, "Elkarrekin landaren alde" zioen pankarta buru. Paulino Caballero, San Fermin eta Carlos III kaleetatik egin du bidea, Merindadeen plazan amaitzeko, Gobernuko lurralde-ordezkaritzaren parean.

UAGN eta EHNEko buruek idatzi bat aurkeztu dute Gobernuko ordezkaritzan, euren aldarrikapen propioekin.

Felix Barañain UAGNko presidenteak azaldu duenez, mobilizazio honen helburu nagusia da "errespetua eskatzea txarto pasatzen ari den eta gizarteko edozein estamentutatik zein klase politikotik eztabaida gutxiesgarri eta negatiboen biktima den sektore batentzat, hori ezin baita onartu".

Bariainek adierazi du "Ukrainako gatazkarekin Europa osoko elikadura-subiranotasuna" dagoela jokoan eta, hortaz, "ekiteko unea" dela, "Nafarroako landa-eremuan gauden emakume eta gizonak lehenesteko unea".

Era berean, esan du "horrez gain zerga-politikaz ere" gogoratzen direla, "Estatu osoko kaltegarriena baita".

Gaineratu duenez, "Nafarroako landa-eremuan gaudenok ez dugu egoera hau merezi, besteak beste elikagaiak sortzen ditugulako, ingurumena mantentzen dugulako eta, ezinbesteko gauza, herriak bizirik mantentzen ditugulako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa gaur Gizartea albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Eguneko albisteak Protestak gaur Sindikatuak Espainian Abeltzaintza Nekazaritzaren egungo albisteak