Ekonomia -
Ukrainako gerra
Eusko Jaurlaritzak "banan-banan" aztertuko du gerrak kaltetutako enpresei diru-laguntzak ematea
Errusian Euskadiko 25 enpresa daude, 50 Txekiar Errepublikan eta beste 50 Polonian.
Agentziak | EiTB Media
Ukrainako gerrak eta Errusiari ezarritako zigorrek kaltetutako enpresak diruz laguntzea "banan-banan" aztertuko du Eusko Jaurlaritzak; izan ere, lehengaien eskasia, garraioa eta ekoizpena oztopatzen ari da energia prezioen gorakada.
Ainhoa Ondarzabal Basque Tradeko zuzendariak azaldu duenez, Errusian Euskadiko 25 enpresa daude, 50 Txekiar Errepublikan eta beste 50 Polonian.
Arantza Tapia Ekonomia Garapenerako sailburua EAEko klusterren ordezkariekin bildu da Eusko Jaurlaritzako egoitzan, Euskadiko enpresetan gerrak izango dituen ondorioak aztertzeko.
Kontratuak eta sinatutako eskaerak bete edo ordaintzeko arazoak izan daitezkeela ikusita, industrietako ordezkariek Eusko Jaurlaritzari laguntza eskatu diotela onartu du sailburuak prentsaurrekoan.
Eskaera aztertuko duela esan du Tapiak, baina ez du xehetasun gehiagorik eman. Kasuak "banan-banan" aztertu beharko direla zehaztu du sailburuak. Enpresa bat egoera zailean balego Jaurlaritzak bermeren bat "eskaini" dezakeela adierazi du Tapiak. "Egoerari nola aurre egin ikusi behar dugu", azpimarratu du.
Nahiz eta egoerarekin kezka handia azaldu, "demokrazia eta bakea defendatzearren merezi du ordaintzea", gogorarazi du sailburuak.
Bileran zehar, EAEko industriaren ordezkariek lehengaien eta energiaren salneurrietan gorakada berri bat iragarri dute Ukrainako gatazkaren ondorioz. Era berean, merkatuetako ziurgabetasunak finantziazioa garestitu dezakeelako kezka agertu dute.
Pandemiaren ostean, ziurgabetasunak ekonomiaren susperraldia atzeratu dezakeelako kezkaturik azaldu dira klusterrak, kontsumoa motelduz eta inbertsioak geldituz.
Sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritza Euskal Internazionalizazio Agentziaren (Basque Trade) bidez bertako enpresekin "egunero harremanetan" dago.
Bestalde, Spri taldeak Basque Traderen webgunean zerbitzu bat zabaldu du, laguntza behar duten edo edozein kontsulta egin nahi duten enpresentzat eta pertsonentzat, Sailak iragarri duenez, lehentasuna gatazka zonaldeko bulegoetan lan egiten dutenen ongizatea bermatzea delako.