Ekonomia -
KPI
KPIa % 7,4ra igo da otsailean, 1989tik izandako maila altuenera
Urtarrilekoarekin alderatuta, % 0,6 igo da otsailean KPIa; aurreko hilabetean, ostera, % 0,4 egin zuen behera. Iazko otsailetik % 1,3ko igoera izan du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 0,6 igo da otsailean urtarrilekoarekin alderatuta. Urte arteko tasa are nabarmenago hazi da, % 1,3, eta KPIa % 7,4an kokatu da; 33 urtean, 1989ko uztailetik, izan den tasarik altuenean.
Otsaileko KPIa kontuan izanda, urte arteko tasari dagokionez, 14. tasa positiboa da jarraian, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) gaur aurreratutako datuen arabera.
Hilabete arteko tasari dagokionez, ostailean % 0,6 igo zen KPIa, urtarrileko datuarekin alderatuta, eta urtarrilean % 0,4 jaitsi zen, abendukoarekin alderatuta.
INEren arabera, urte arteko KPIaren % 1,3ko igoeraren atzean, besteak beste, elikagaien, edari ez-alkoholdunen eta erregaien prezioen igoera "orokorra" dago, bai eta argindarraren prezioaren joera ere, 2021eko hilabete berean baino gutxiago merkatu baita otsailean.
Bigarren hilabetez, 2021eko oinarri berriarekin kalkulatu dira datuak. Adierazlearen zehaztasuna hobetzen duten berrikuntza metodologikoak txertatu dira hala, baita erosketa-saskiko osagaien artean izandako aldaketak eta haztapen-egitura berria ere.
INEk martxoaren erdialdera argitaratuko ditu KPIaren otsaileko behin betiko datuak.