Ekonomia -

Lanuzteak

Sindikatuek % 70ean zenbatu dute Osakidetzako Lehen Arretako grebaren eragina, eta Osasun Sailak % 30ean

Sindikatuak langileen eta herritarren "ezinegona eta nekea" salatzen ari dira. Eusko Jaurlaritzaren arabera, ez da lanuzteak egiteko momentua. Sindikatuen eta Osasun Sailaren arteko negoziaketak etenda daude.

Protesta Lehen Arretan. Argazkia: LAB
Protesta Lehen Arretan. Argazkia: LAB
Protesta Lehen Arretan. Argazkia: LAB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako Lehen Arretan greba deitu dutenek jakinarazi dute langileen % 70ek egin duela bat deialdiarekin. Osakidetzaren arabera, berriz, grebaren jarraipena % 29,6koa izan da Lehen Mailako Arretan goizeko txandan, eta % 30,79koa arratsaldekoan.

Osasun Sailak jakinarazi duenez, lurraldez lurralde, jarraipena % 20,37koa izan da Araban, % 35,73koa Bizkaian eta % 27,11koa Gipuzkoan, goizez; eta % 41,77koa Araban, % 28,93koa Bizkaian eta % 28,99koa Gipuzkoan, arratsaldez. Lan kategoriak aintzat hartuz gero, sendagileen % 32,28ko egin du greba, erizainen % 29,85ek eta gainerako osasun langileen % 30,36k, Osasun Sailaren datuen arabera.

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bi greba egun deitu dituzte Osakidetzan; lehenengoa gaurkoa, Lehen Arretan, eta bigarrena astelehenean, Osakidetza osoan. Gainera, bihar, larunbata, manifestazioak egingo dituzte EAEko hiru hiriburuetan. Osasun publikoko langileei eta erabiltzaileei eragiten dieten "arazo larriak" salatzeko antolatu dituzte protestak.

Lehen Arretako lanuztea 07:00etan hasi da, eta bihar amaituko da, ordu berean. Osasun zentro batzuk itxi egin behar izan dituzte langileek protestarekin bat egin dutelako.

ELA sindikatuak dagoeneko esan du deialdiak erantzun "arrakastatsua" izan duela eta "osasun zentroak itxita" daudela.

Amaia Mayor SATSE erizainen sindikatuko ordezkariak esan du grebaren jarraipena "oso ona" izaten ari dela, Osakidetzako profesionalak "gogaituta" daudelako, "lan gainkarga handiarekin".

Sindikatuaren ordezkariak esan du egungo aldarrikapenak ez direla berriak, 2019tik ari direla "profesional gabezia" salatzen. Hori dela eta, "prekarietatea gutxitzea" eta "bajak lehenengo egunetik betetzea" eskatu du, besteak beste.

Eskaera horien aurrean, SATSEk ez du Osakidetzaren "plan bat" ikusten, eta mahai sektorialaren deialdia "greba indargabetzeko" mugimendua izan dela uste du.

Greba eguna dute Osakidetzako Lehen Arretan
Greba eguna dute Osakidetzako Lehen Arretan
Greba eguna dute Osakidetzako Lehen Arretan

0:50

Bestalde, Raul Arza UGTko idazkari nagusiak esan du sindikatuak ez dituela mobilizazioak "betikotu" nahi Osakidetzan, baina euskal osasun publikoaren "arazoei" erantzunen bat eman behar zaiela.

Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean Arzak aitortu duenez, UGT "harritu" egin zen Osasun Sailaren iragarpenarekin mobilizazioak hastera zihoazenean. "Susmagarria" izan zela uste du.

Horren hitzetan, osasun langileek, Lehen Arretakoek bereziki, hiru mobilizazio egun egin zituzten 2019an "Osakidetzari esfortzu handiagoa eskatzeko langileen beharrei erantzute aldera".

"Batik bat langileen egonkortasunarekin Osakidetzan dagoen arazoari. Horretan jarri behar du indarra Eusko Jaurlaritzak", esan du, eta behin-behinekotasunak langileen % 40ri eragiten diola nabarmendu du.

Mahai sektoriala

Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bat egin dute deialdian. Langileen ordezkarien eta Osasun Sailaren arteko negoziazioa etenda dago; izan ere, sindikatuek Mahai Sektorialera ez joatea erabaki dute, Eusko Jaurlaritzaren negoziatzeko asmoak benetakoak ez direla iritzita.

Sindikatuen iritzian, "propaganda eta xantaia" erabiltzen ari da Osakidetza Mahai Sektorialaren deialdian, greba desaktibatzeko helburuarekin, eta bileraren gai zerrendan sartu du aspalditik adostuta duten baina Osakidetzak bete gabe jarraitzen duen garapen profesionalaren auzia.

Grebarekin bat etorri ez den Euskadiko Medikuen Sindikatuak ere Mahai Sektorialera ez joatea erabaki du, Osakidetzak negoziatzeko asmorik ez duelako.

Langileen eta herritarren "egonezina eta nekea" salatu dute sindikatuek, eta kritikatu dute Osasun Sailak ez duela "urrats bakar bat ere eman" osasun sistema publikoa "hondatzea" dakarten neurriak bertan behera uzteko.

Osakidetzako langileen artean belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzeko "planifikazio falta" salatu dute, eta ohartarazi dute, prekarietatearen eta lan-kargaren ondorioz, langileak Lehen Arreta uzten eta beste espezialitateetara, osasun pribatura edo atzerrira joaten ari direla.

Sindikatuen arabera, beharrezkoa da 5.000 lanpostu berriko eskaintza publikoa deitzea, eta horien artean, 1.000 Lehen Arretakoak izatea, lan-karga onargarria izan dadin, lan-baldintzak duinak izan daitezen eta osasun-arreta kalitatezkoa izan dadin.

Horien ustez, "murrizketekin, inbertsio faltarekin eta pribatizazioarekin jarraitzeko aitzakia ezin hobea" bihurtu da pandemia Osakidetzarentzat.

Iñigo Urkullu lehendakariak zein Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aitortu dute zailtasunak egon badaudela, baina, horien iritzian, osasun sistema publikoak "maila eman du" pandemian, eta ez da greba egiteko unea.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, Espainiako Estatuko osasun gastu handiena duen erkidegoa da EAE, urtean pertsonako 1.984 eurokoa. Halaber, aurrekontuaren bi heren langileriari bideratzen zaiola eta Osasun Sailaren aurrekontua nabarmen hazi dela azpimarratu du: 2019an 3.800 milioi euro izatetik, aurten 4.300 milioi izatera iritsi da.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk bat egin dute sindikatuek deitutako bi grebekin. Horrez gain, larunbaterako manifestazioak deitu dituzte EAEko hiru hiriburuetan.

Gutxieneko zerbitzuak, larunbat baten gisan

Lan eta Enplegu Sailak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu greba egunetarako. Lanuzteek ez diete arakatze, erauzketa eta txertaketa zerbitzuei eragingo, ezta Etengabeko Arretako Guneei eta garbiketari ere (horietan, % 100koa izango da gutxieneko zerbitzua).  Osasun zentroetan, larunbatetan bezainbeste beharginak izango dira, eta arreta telefonikoa % 50ekoa izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna albisteak Osakidetza Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba ELA albisteak LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuen albistea CCOO albisteak UGT albisteak Lan gatazkak gaur