Ekonomia -
Ukrainako gerra
Gasa % 60 garestitu da eta petrolioaren prezioak 100 dolarreko langa gainditu du
Errusiak Ukrainaren kontra abiatu duen gerraren ondorioz, munduko burtsek ere behera egin dute. Galerarik handiena Moskuko burtsak izan du: % 38ko gainbehera izan baitu.
Agentziak | EITB Media
Errusiak Ukrainaren aurkako gerra abiatuta, eta Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek Vladimir Putinen herrialdearen aurkako zigor ekonomikoak iragarri ostean, gas naturalaren eta petrolioaren prezioak garestitu egin dira, eta Europako burtsek behera egin dute.
Ostegun honetan, gas naturala % 60 garestitu da eta orduko megawatta (MWh) 141,80 euroan ezarri da. Joan den abenduaren 22tik izan den preziorik altuena da. Oraindik, dena den, urrun du 2021ko amaieran erdietsitako maximoa (180 euro megawatteko).
Errusia da munduko gas ekoizle handiena eta bigarren esportatzaile handiena petrolioari dagokionez. Gatazkak eragin dezakeen eskasiaren beldur, gora egin dute salneurriek.
Halaber, Brent upelaren kotizazioak 103,7 dolarreko salneurria izan du, asteazkenean baino % 7,11 gehiago.
Horrez gain, Madrilgo burtsak (Ibex 35) % 2,86 beherakada izan du eta 8.200 puntu azpitik amaitu du jardunaldia. 2021eko otsailetik, emaitzarik okerrena.
Ildo berean, Londresko, Parisko eta Alemaniako burtsek % 3,82ko jaitsiera izan dute. Milango burtsak, berriz, % 4ko beherakada izan du.
Hala ere, galerarik handiena Moskuko burtsak izan du: % 38 gainbehera izan du. Gainera, errubloak balio galdu du euroarekin eta dolarrarekin alderatuta.