Ekonomia -
Greba osakidetzan
Lehendakariak ohartarazi du ez dela Osakidetzan "greba egiteko unea"
Iñigo Urkulluk esan du ezin dela hitz egin Osakidetzan desegiteaz eta egiturazko arazoez, eta familia-medikuen eskasian kokatu du zailtasun nagusia. "Arazo hau ez da greba batekin konpontzen", azpimarratu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak ostegun honetan ohartarazi duenez, ez da Osakidetzan "greba deitzeko garaia". Defendatu du euskal osasun sistemak "maila handiko erantzuna" eman diela pandemiak eragindako arazo guztiei.
Hala erantzun dio Urkulluk Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU taldeko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako kontrol batzordean botatako galderari. Zentzuzkotzat jo du sindikatuek Osakidetzan bi greba egun iragartzea, otsailaren 25 eta 28rako.
"Zentzuzkoa ez dena da Eusko Jaurlaritzak eskaera hauei" eta zerbitzu publiko honen "egiturazko arazoei erantzuna emateko duen ezgaitasuna". Gorrotxategiren aburuz, arazo horiek "2008an hasitako murrizketen eta plangintza zein pertsonal faltaren emaitza" dira.
Lehendakariak onartu du Osakidetzak arazoak dituela, baina zehaztu du gainerako erkidegoek eta inguruko osasun-sistemek ere badituztela, eta azpimarratu du "hasieratik maila handiko erantzuna" eman zaiela.
"Arazoak eta zailtasunak ezagutu eta ulertu egiten ditut, baina ez da greba deitzeko unea, arreta eta osasun publikoa bermatzen jarraitzekoa baizik", adierazi du.
Urkulluk ziurtatu du ezin dela Osakidetzaren egiturazko arazoez hitz egin, eta familiako medikuen eskasiari egotzi dio zailtasun nagusia. "Arazo hau ez du greba batek konponduko", esan du.
Gaineratu duenez, pandemia gorabehera, Eusko Jaurlaritzaren baliabideak "ez dira urriak", bere lehentasuna delako euskal osasungintza publikoa mantentzea. Gogorarazi du Estatuko baloratuena dela, Osasun Publikoaren Defentsarako Federazioaren arabera.
Errepikatu duenez, urtero pertsonako osasun-gastua 1.984 eurokoa da, sistemaren aurrekontua 2019ko 3.800 eurotatik aurtengo 4.300 eurora igaro da, 45.700 profesional ditu 2019ko 40.900en aurrean, eta martxan da 3.525 lanpostuko OPEa.