Ekonomia -

Lan erreforma

UPNk akta "berehala" itzultzeko eskatu die bere bi diputatuei alderdiaren agindua hautsi ondoren

UPNko zuzendaritzak lan erreformaren alde bozkatzea agindu zien Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuei, trukean PSNk Iruñeko alkatea ez gaitzesteko, baina azkenean muzin egin diete aginduei.

Sergio Sayas diputado de UPN atiende a los medios de comunicación. Foto: EITB Media.
Sergio Sayas diputado de UPN atiende a los medios de comunicación
Sergio Sayas (UPN): 'Ezin genuen bozkatu boto-emaileei azaldu ezin genien zerbait'

0:22

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPNko bi diputatuek, Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok, alderdiko zuzendaritzaren agindua urratu, eta lan erreformaren aurka bozkatu dute azkenean, ezustean. UPNko zuzendaritzak diputatu aktak "berehala" itzultzeko eskatu die Garcia Adanerori eta Sayasi.

UPNk lan erreformaren alde bozkatzeko agindu zien bi diputatuei, trukean PSNk Enrique Maya Iruñeko alkatea ez gaitzesteko. Hasiera batean, Sayasek eta Garcia Adanerok aurreratu zuten bete egingo zutela agindua. Azkenean, baina, ez dute hala egin.

UPNren bi botoak ezinbestekoak ziren Kongresuak lan erreforma onartzeko. Hala ere, Gobernuak aurrera atera du, PPko diputatu batek hanka sartu, eta alde bozkatu baitu.

"Alderdiko organoen aurka hartu dute erabakia"

"Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok alderdiko organoen aurka hartu dute erabakia", azaldu du zuzendaritza erregionalistak. Ohar batean, erabakia alderdia "engainatuz" hartu dutela erantsi du UPNk. "Aldez aurretik, boto diziplina bete behar zutela publikoki iragarri dute, baina gero ez dute egin", salatu du alderdiko zuzendaritzak.

Era berean, UPNk ziurtatu duenez, bi diputatuek "beste indar politiko batzuei botoaren berri eman diete, alderdiko zuzendaritzak deus ez zekien bitartean".

Horregatik, alderdi erregionalistak PSOEri eta PSNri barkamena eskatu die: "Gaur gertatutakoak ez du UPN ordezkatzen, hitzeko, balioko eta printzipioko alderdi bat, akordioak betetzen dituena. Emandako hitza ez betetzea ez dago balio eta printzipio horien artean".

Azkenik, "boto-emaile, afiliatu eta alderdiarekiko desleialtasuna erabatekoa eta onartezina da", adierazi du UPNk.

Ordu batzuk lehenago, Enrique Maya Iruñeko alkate eta UPNko presidenteordeak ohartarazi du bi diputatuen kontrako botoak "ondorioak" izan behar zituela.

Sayasek akta itzuliko ez duela iragarri du dagoeneko

Sayasek dagoeneko iragarri du ez duela akta entregatuko, boto-emaileen aurrean bere jarrera defendatu dezakeelako. "Ia Esparzak gauza bera egin ahal duen, eta nahi badu, erreferenduma egin dezala", erronka bota dio UPNko presidenteari. Sayasek barne-hauteskundeak galdu zituen Esparzaren mesedetan.

"Zuzendaritzaren agindurik ez dugu hautsi", esan du Sayasek, eta akordioaren berririk ez zutela azpimarratu du.

UPNko presidenteak ez duela eurekin hitz egin adierazi du Sayasek. "Ez digu deitu, ezta guk berari ere", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Lan Erreformaren Legea Berriak Politika EAJ-PNV PSOE UPN Lana Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako albisteak