Ekonomia -
LAN-ERREFORMA
Sindikatuek deituta manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan lan-erreformaren aurka
Lantokietan ere egin dituzten mobilizazioetan milaka langilek parte hartu dutela ziurtatu dute sindikatuek. Beste behin, lan harremanetarako esparru propioa errespetatzea, eta langileak kaleratzeko baldintzak gogortzea eskatu dute.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Euskal gehiengo sindikalak deituta manifestazioak egin dituzte asteazken honetan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Espainiako gobernuak onartu nahi duen Lan Merkatuaren Erreforma-dekretuaren aurka.
Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean ez ezik, hainbat herritan eta lantokitan egin dituzten mobilizazioetan milaka langilek parte hartu dutela ziurtatu dute sindikatuek. Beste behin, lan-harremanetarako esparru propioa errespetatzea, eta langileak kaleratzeko baldintzak gogortzea eskatu dute.
Pello Igeregi eta Garbiñe Aranburu, ELA eta LAB sindikatuen idazkari nagusiek adierazi dute, Ciudadanosek dekretua babesteko prest egotea dela, dekretu honen kaltearen froga garbiena.
Bihar bozkatuko du diputatuen kongresuak lan erreformaren dekretua. Eta ordu honetan, ofizialki, nahikoa babes ez baditu ere, Pedro Sanchezen gobernuak ziurtzat jotzen du urte hasieratik indarrean den dekretua baliozkotu egingo dutela.
Diputatuen Kongresuko aritmetikari buelta emango dio lan-erreformak. Espainiako Gobernuak Ciudadanosen babesa izango du, eta ez inbestidurako indarrena. Baina hori ez da nahikoa izango. UPN eta PDeCATen babesa ere behar du.