Ekonomia -

Lan-gatazka

Bizkaiko kontserben sektorean hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute sindikatuek eta patronalak

Itunak 2021etik 2024ra arteko indarraldia izango du eta kontserbetako langileek 1.200 euroko soldata izango dute gutxienez. LAB eta CCOO sindikatuek azpimarratu dute beharginek egindako mobilizazioei esker lortu dela akordioa.

Kontserbetako langileek Bermeon egindako manifestazio bat. Argazkia: CCOO sindikatua
Kontserbetako langileek Bermeon egindako manifestazio bat. Argazkia: CCOO sindikatua
Kontserbetako langileek Bermeon egindako manifestazio bat. Argazkia: CCOO sindikatua

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko kontserbetako sektorean lan-hitzarmena izango dute eta langileek gutxienez 1.200 euro kobratuko dituzte. LAB, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordioa sinatu dute Cebek eta Norpesco patronalekin erabat feminizatuta dagoen sektorean.

LAB sindikatuak azaldu duenez, ituna 2024ra arte izango da indarrean eta soldata modu progresiboan igoko zaie langileei. Igoera % 7,18-14,39koa izango da, kategoriaren arabera, eta iazko soldatei eragingo die.  

Gainera, hitzarmena indarrean dagoen urteetan KPI bateratua adostutako igoera baino handiagoa bada, diferentzia ordainduko zaie beharginei, urteko 17.250 euroko muga jarrita.  

Cebek patronalak zehaztu du igoera urtez urte zenbatekoa izango den: 139,14 euro 2021ean; 825 euro 2022an; 550 euro 2023an; eta 625 euro 2024an.

Horrez gain, protokolo bat adostu dute sexu-jazarpenari eta orientazio sexualagatik edo genero identitateagatik ematen den jazarpenari aurre egiteko.

Cebekek alde guztiek egindako "ahalegina" eskertu du, soldatei dagokionez enpresek "urrats kualitatiboa" eman dutela iritzita eta sindikatuek "lanaldia antolatzeko malgutasuna" mantentzea eta hitzarmenaren indarraldia 2024ra arte ezartzea onartu dutela nabarmenduta.

LABek azpimarratu du langileen baldintzak "duintzea" lortu dela eta erantsi du ituna mobilizazioen ondorioa dela.

CCOOk ere antzeko irakurketa egin du, eta "soldata igoera handi horiek lortzeko" langileen mobilizazioak "erabakigarriak" izan direla adierazi du.

Bestalde, ELA sindikatuak esan du ituna ez dela nahikoa, "soldaten eta prekarietatearen arazoak konpondu gabe jarraituko dutelako".

Sindikatu horren ustez, itun horren helburua "sektorean protestak amaitzea" da.  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia LAB Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Enpresaburuak CCOO UGT Lan gatazkak Soldatak