Ekonomia -
EUSKADI IRRATIA
Arantxa Tapia: "Europako funtsak ongi etorriak diren arren, ez gara zain egongo"
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak nabarmendu du EAEko enpresek ez dutela dirurik jaso Next Generation funtsetatik, baina "lanean" jarraitzeko unea dela. Babesa azaldu die jatorrizko izendapen propioa nahi duten Arabako Errioxako upategiei.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak "Faktoria"n egin dioten elkarrizketan nabarmendu duenez, EAEko enpresek ez dute dirurik jaso Next Generation funtsetatik, baina "lanean" eta proiektuak martxan jartzen jarraitzen dute. Elkarrizketan zehar, behin eta berriro azpimarratu duenez, Europako diru funtsetatik etorriko den diru guztia ongi etorria izango da, baina iritsi bitartean enpresak ez daude geldirik.
Tapia sailburuak datozen egunetan Diputatuen Kongresuan bozkatuko den lan erreformaz ere hitz egin du. Haren esanetan, lan erreforma horrek Euskadiko akordio interprofesionala errespetatu behar du. "Gure eskumenak errespetatu egin behar dira", nabarmendu du.
Lan erreforma babesteko EAJk jarri duen baldintza da lan hitzarmen autonomikoak lehenestea. Tapia sailburuak ere ildo beretik hitz egin du, eta errespetu kontua dela nabarmendu du. "Lan hitzarmen autonomikoak asko izan ala ez, gure autonomiarekiko eta gure eskumenekiko errespetu kontua da", esan du.
Eusko Legebiltzarrak abenduan onartutako Ingurumen Administrazioari buruzko legearen arabera, Eusko Jaurlaritzak proiektu bat martxan jartzeko edo azpiegitura bat eraikitzeko ahalmena izango du, interes publikoaren izenean. Horren harian, zer motatako proiektuak izendatuko diren galdetuta, hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko azpiegiturak aipatu ditu sailburuak.
Bergaran polemika eragin duen Valogreen proiektuaz esan du interes pribatukoa dela, eta, beraz, ez duela Ingurumen Administrazioari buruzko legean aipaturiko interes publikoaren baldintza betetzen. Une honetan, ingurumen baldintzak betetzen ote dituen aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza, baina, Tapiaren ustez, martxan jartzeko baimena jasoko du.
Ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoaren inguruan, autogintza sektoreak dirua jasotzerako iraila edo urria izango dela iragarri du Arantxa Tapiak.
Bestalde, babesa azaldu die jatorrizko izendapen propioa nahi duten Arabako Errioxako upategiei.