Ekonomia -
Desordena publikoak egotzita
Bizkaiko metal sektoreko bi langileri bi urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du Fiskaltzak
Sindikatuetako iturriek azaldu dutenez, ahozko saioan "bi langileei egotzitakoa demostratzeko frogarik ezin izan dute aurkeztu". "Euren eskubideak eta lan baldintza duinak defendatzeagatik bidegabe epaituko dituzte", salatu dute.
Agentziak | EiTB Media
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak metal sektoreko bi langileren aurkako epaiketa hartu du astearte honetan. Fiskaltzak behargin bakoitzari bi urteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du, desordena publikoak egotzita, metalaren gatazkan Bilbon izandako istiluen testuinguruan.
Hirugarren akusatu bati hiru urteko zigorra ezartzea eskatu zuten desordena publikoak eta kalteak leporatuta, baina akordio batera iritsi dira, espetxe eskaera 36 hilabetetik 12ra murrizteko, sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez.
Sindikatuetako iturriek azaldu dutenez, goizeko ahozko saioan "bi langileei egotzitakoa demostratzeko frogarik ezin izan dute aurkeztu".
Gainera, Bizkaiko metal sektorearen greban zehar, Bilbon egindako mobilizazio "oso jendetsu" batean gertakariak jazo zirela gogorarazi dute sindikatuek.
Elkarretaratzea Bilbon
Epaiketa bertan behera uztea eskatzeko, Bizkaiko metal sektore, PCB, Tubacex eta Petronorreko gatazketan inputatutako langileek eta sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute astearte honetan, Bilbon. "Euren eskubideak eta lan baldintza duinak defendatzeagatik bidegabe epaituko dituzte", salatu dute.
Elkarretaratzea 12:30ean egin dute Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren aurrean, epaitutako langileei elkartasuna adierazteko. Behargin auzipetuek deitu dute mobilizazioa, eta LAB, CCOO, ESK eta CGT sindikatuen babesa izan du.
Mozal Legearen aplikazioa
Gogorarazi dutenez, guztira, 20 langile auzipetu dituzte lan gatazketako mobilizazioetan parte hartzeagatik, espetxe eskaera batzuk tartean. Gainera, Mozal Legearen aplikazioarekin "dozenaka isun ekonomiko jarri dizkiete beharginei", ziurtatu dute.