Ekonomia -
A-636
Deskargako autobiako bidesaria martxan dago jada
Beasainen, Ezkio-Itsason eta Deskargan bertan jarritako arku sistema baten bidez egingo da ordainketa. Egunero 9.000 ibilgailu inguruk darabilte errepidea eta guztiek ordaindu beharko dute bidesaria, motorrek salbu. Inguruko herrietako hainbat bizilagun haserre daude, baita garraiolariak ere.
Agentziak | EITB Media
Deskargako autobiaren (A-636) bidesaria astearte honetan, 00:00etan, jarri dute martxan. Errepideak Beasain eta Bergara (Gipuzkoa) lotzen ditu.
9.000 bat ibilgailuk erabiltzen dute egunero errepidea. Gaurtik hasita, denek, motorrek salbu, 2,53 eta 5,15 euro artean ordaindu beharko dituzte, baina Abiatu sistema dutenek deskontuak izango dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, "ezinbestekoa" da errepide hori erabiltzen dutenei kobratzea, "eraikitze, mantentze eta kudeaketa lanak" ordaindu ahal izateko.
Beasainen, Ezkio-Itxason eta Deskargan bertan jarritako arku sistema baten bidez egingo da ordainketa. Abiatu sisteman izena emanda ez daudenek kontu korronte bat eta autoaren matrikula eman beharko dizkiote Aldundiari ordainketa bideratzeko. Aldundiak urtarrilaren 30era arte eutsiko die horren berri emateko ezarritako guneei.
Goierriko, Urola Garaiko eta Debagoieneko hainbat bizilagun haserre daude kanonarekin, baita garraiolariak ere.
Garraio elkartea, oso kritiko
Gipuzkoako Aldundiaren "dirua biltzeko politika aseezina" kritikatu du Fenadismer Espainiako Garraio Elkarteen Federazioak. "Berritasun bezala", bidesaria ez diote bakarrik kamioilariei kobratuko, salatu duenez.
Federazioak agiri batean azaldu duenez, arku sistema 2018an N-I errepidean eta A-15 autobian jarritako "berbera" da, orduan kamioientzat soilik ezarritakoa. Auzitegiek legez kanpokotzat jo zuten bi aldiz, baina orain autobusek eta autoek ere ordaindu beharko dute.
Horrela, Fenadismerren arabera, autobia erabiltzen duten "9.000 ibilgailuk baino gehiagok" dispositiboren edo sistema elektronikoren bat izan beharko dute bidesaria ordaintzeko.
Gainera, garraiolarien elkarteak kamioientzako bidesariaren "hirugarren bertsioa" ere bertan behera uzteko eskaria egitea aztertzen ari dira. Kanona kobratzeko hirugarren foru-araua abenduaren 2an onartu zuten, baina "oraindik ez du Europako Batzordearen oniritzirik jaso".
Bidesaria dirua biltzeko dela uste du Berdeak EQUOk
Berdeak EQUOk Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzenketa egiteko eskatu dio; izan ere, trafikoa bigarren mailako bideetara bidaltzea eragingo duela uste du. Gainera, diskriminatzailea iruditzen zaio Urola Garaian, Debagoienan eta Goierrin bizi diren herritarrentzako.
Alderdiak ohar baten bidez kritikatu duenez, foru erakundearen helburua Bidegiren "kontuak koadratzea" da, "hainbat hamarkadatako xahutzearen eta gainkostuen ondoren, mantenu-kostua milioiduna eta aurrekontu arruntekin onartu ezina duen bide-sare batean".
Berdeak EQUOren arabera, bide-azpiegiturak erabiltzeagatiko tasak "baliagarriak dira mugikortasun bidezkoago, jasangarriago eta seguruago baterantz aurrera egiteko", baina, betiere, emisioak murriztera bideratuta badaude, eta "modu objektiboan" kalkulatzen bada.
Abiatuk egindako bidaia-kopuruaren araberako gastu-mugak eta deskontuak ezartzen ditu, eta horrek ibilgailu pribatua sustatzen du, eta ez du diskriminatzen ibilgailuaren potentziaren, okupazio-mailaren edo erabiltzailearen errentaren arabera.