Ekonomia -
Auzitegi Nazionala
Sanchez Galanek esan du Villarejo kontratatzeko agindurik eta baimenik eman ez zuela
Iberdrolako presidenteak bi orduko agerraldia egin du, eta benetan zelatatua bera izan dela adierazi du. Era berean, Galanen aurkako kanpaina bat salatu du Iberdrolak, konpainia bereganatzeko helburuarekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak Auzitegi Nazionalean ziurtatu duenez, ez zuen Jose Manuel Villarejo Poliziako komisario ohiarekin zerikusia duten enpresek konpainiari eskaini zizkioten inteligentzia zerbitzuen berri izan. Are gehiago, kontratatzeko agindurik eman ez zuela azpimarratu du, ezta baimenik eman ere.
Iberdrolako presidenteak bi orduko agerraldia egin du, eta benetan zelatatua bera izan dela adierazi du. Auzia argitzeko borondatea agertu du. Horregatik, Manuel Garcia Castellon epaileak erantzun dio, ikertzeko interesa baldin badu, auzian pertsonatzeko.
2004tik 2012ra Iberdrolak Villarejo milioi bat euroren truke kontratatu omen zuen argitu nahi du auziak.
Iturri juridikoen arabera, Villarejoren zerbitzuen kontratazioan parte hartu ez zuela esan du multinazionaleko presidenteak. Enpresaren estrategia zaintzeaz eta inbertsio berriak bilatzeaz arduratzen dela erantsi du.
Galanek epailearen, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren eta defentsaren galderei erantzun die. Iberdrolako presidentearen hitzetan, Antonio Asenjok Villarejoren zerbitzuak kontratatu zituen. "Kontratazio oker" bat izan zen, eta Asenjo kargutik kendu zuten.
Iberdrolako segurtasun zuzendari ohia etxean hartu zuen Galanek, zenbait komunikabidek argitaratu zutenez.
Sanchez Galanek ohitura bat dela onartu du; izan ere, langile asko bere etxean hartzen ditu, igandeetan bulegoa bertan duelako.
Florentino Perez Real Madrileko eta ACSko presidentea ikertzea kontratatutako zerbitzuetako bat izan zen, sumarioaren arabera, konpainiaren kontrola bereganatzen saiatu zelako.
Perezenganako "errespetu handia" azaldu du Sanchez Galanek. "Zelatatu badute, negargarria eta onartezina" iruditzen zaiola gaineratu du.
Iberdrolako presidentea Auzitegi Nazionalera hurbildu behar izan da, nahiz eta iragan astean agerraldia bideokonferentzia bidez egitea eskatu idatzi batean.
Iberdrolak Galanen aurkako kanpaina bat salatu du, konpainia bereganatzeko helburuarekin
Presidentearen kontrako "jazarpen kanpaina sistematiko" bat salatu du Iberdrolak. Xedea "kanporatzea" eta konpainia eskuz aldatzea dela erantsi dute enpresako iturriek.
Energia konpainiaren iturriek uste dute kanpainaren "helburu bakarra" multinazionala bereganatzea dela, nazioartean balio ikaragarria duelako.
Horrela, azpimarratu dutenez, "Galanen izena zikindu nahi dute, faltsua egiaztatu den salaketa, eta lekuko faltsu batekin, nori prentsak ondare hazkunde handi bat atzeman dio".
2019 amaierako auzia
Auzia 2019. urte amaierakoa da. Zenbait hedabide digitalek xantaia egiteko eta konpainia elektrikoaren administrazio kontseiluan egoteko nahia geldiarazteko asmoz Iberdrolak Villarejo kontratatu zuela epaitu zen. Auto hartan, zantzuen arabera, enpresa elektrikoak CENYTi eskatutako lanak ezkutatzeko "borondatea" izan zuen.
Villarejok modu pribatuan emandako zerbitzu asko eta askotarikoak ikertzen dituen Tandem makrokausaren baitako 17. pieza da Iberdrolarena, eta 2004tik 2017ra bitartean argindar enpresak komisarioari egindako enkarguak ikertzen dira.
Inputazio autoan Garcia Castellon epaileak jaso zuenez, Iberdrolaren kontabilitatearen arabera CENYTek igorritako hamabost faktura (guztira, 1,04 milioi eurokoak) jaso eta ordaindu ziren, eskaerarik gabe.