Ekonomia -
PENTSIOAK
"Orain arte lortutakoaren balioa azpimarratu, eta beti bezala, gure eskubideak aldarrikatuko ditugu kalean"
Maria Serrano Mitxelena Alderdi Ederreko Pentsiodunen Mugimenduko eledunaren hitzetan, pandemiaren seigarren olatuak, batez ere, Lehen Arretan agerrarazi dituen "gabeziak" ere salatuko dituzte.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Herri eta hirietako kaleak hartuko dituzte, berriro, gaur euskal pentsiodunek. Pentsio duinen aldeko aldeko aldarria erdigunean jarrita, kalitatezko osasun sistema publikoa exijituko dute. Protestak hasi zituztenetik lau urte bete direnean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak orain arte egindako bidearen balioa ere nabarmendu nahi du gaurko protestetan, Maria Serrano Mitxelena Alderdi Ederreko Pentsiodunen Mugimenduko kideak esan duenez. "Egindako bidean azpimarra jarri, eta gure betiko aldarri nagusia oihukatuko dugu: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa", adierazi du.
Halaber, covid-19aren pandemiak osasun sisteman "agerrarazi dituen hutsuneak" salatzeko ere baliatuko dituzte gaurko protestak, "bereziki, Lehen Arretan ikusten ari garen gabeziak". Ildo horretan, hainbat izapide web bidez bideratu behar izateak pentsiodunen zati handi bat bazterrean uztea ekarri duela uste du Serranok, "askok eta askok ez baitute plataforma digitaletarako sarbiderik". "Formulario digitalak, aurretiazko hitzorduak, telefonoak kolapsatuta ... bide horietatik Lehen Arretara iristea ezinezkoa bilakatu da askorentzat", gehitu du.
Espainiako Gobernuak aurrera atera nahi duen lan-erreforman jaso nahi dituen hainbat eduki ere gaitzetsiko dituzte manifestariek, "etorkizuneko pentsioetan eragin zuzena izango dutelako orain hartuko dituzten erabakiek". Alderdi Ederreko Pentsiodunen bozeramailearen iritzian, "muga asko dituen erreforma da". Azpimarratu duenez, bestalde, urte honetarako iragarritako KPIren eta pentsioen igoerak alderatuta, erosteko ahalmena %3 murriztuko zaie.
Indartsu ekingo diote urte berriari pentsiodunek, eta 2022an bide horri eustea da euren asmoa, harik eta helburuak lortu arte. Halere, Serranok aitortu du egindako bideaz gogoeta egiteko eta aurrera begirako lan-dinamikak birpentsatzeko ordua ere badela.
12:00etan abiatuko dira protestak Gasteizen (Correos Plaza), Donostian (Alderdi Eder), Bilbon (Kale Nagusia) eta Iruñean (Baluarte Plaza), eta beste hainbat herritan, tartean, Eibarren, Ondarroan, Tafallan, Altsasun eta Lizarran.